Maruxak: “Proiektu kolektiboa gara eta bidelagunei gure esker onak eman nahi izan dizkiegu disko berrian”

Euskalerria Irratia 2026ko martxoaren 12a

‘Eskuminak’, taldearen azkeneko EPa argitaratu eta gero, ‘Maruxak: vente con nosotras’ dokumentala aurkeztuko dute Mendillorriko Civivoxean

Festa alaia eta koloretsua proposatzen digu Maruxa taldeko kideak oholtza gainera igotzen diren bakoitzean. Genero rolak zalantzan jartzen dituzte eta aire berriak ere eraman dituzte txosna-gune edota jai-gunetara, anitzagoak bihurtuz. Euskal musika, instrumentu eta tradizioei buelta bat eman eta proposatzen diguten ikuskizunetan folklorea ikuspegi queer, komunitario eta aldarrikatzaile batetik berreraikitzen ari dira. Musika, umorea eta aldarrikapena uztartzen ditu duela 6 urte Mendillorrin jaiotako proiektu honek.

Otsailaren 27an Maruxak taldeak bere lehenengo EPa aurkeztu zuen: Eskuminak. Bost abestiz osatuta, kolaborazio andana dituen lana da. Taldeko zortzi kideekin batera Altxalili, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Naxker, Zinez, Kiliki Frexko, Flakofonki, Hofe, Albina edota Olatz Salvador ikusiko ditugu kantuan eta dantzan. Eta baita euskal folklorean aurkitzen ditugun elementu desberdinak: txistulariak, gaitariak, dantzariak, erraldoiak edota jotak.

Asteburu honetan bertan Euskal Herriko hiriburuetatik barna bira egingo dute lan berria aurkezteko. Iruñean, martxoaren 27an eskainiko dute ikuskizun berezia Zentral aretoan.

Abesti berriekin batera, Maruxak: vente con nosotras izeneko dokumentala aurkeztuko dute martxoaren 13an Mendillorriko Civivoxean. Taldeko kidea den Iker Perezek zuzendu du lana, Maria Berisa eta Carmen Ruiz de Temiñoren laguntzarekin. 2025eko birako azken kontzertua hartzen du ardatz. Kontakizun intimo bat eraikitzen da, flashbackekin eta kideekin egindako elkarrizketekin txandakatuz. Lekukotasun horien bidez, taldea osatzen duten istorio pertsonaletan barneratzen, ibilbide artistikoa ez ezik, sorkuntza-prozesuak, lotura pertsonalak eta taldeak denboran zehar izan duen bilakaera ere erakutsiz. Eszenatokitik haratago, Maruxak: vente con nosotras dokumentala adierazpen askatasuna, identitatea, adiskidetasuna eta sorkuntza kolektiboa bezalako gaiak jorratzen ditu, Maruxak bereizten duten umore eta izaera lotsagabeari uko egin gabe.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin batera egindako bihotzak ikasi abestian dioten bezala, koloreak dira haien bidea; argiak, itzal-gabeak; haien lagun xelebre eta araugabeez lagunduta, ez daitezela sentitu ahulenak, dantza hau ez delako izango azkena.

Euskalerria Irratiko Irrintzi Plaza saioan Amaia Martinez eta Iker Perez egon dira Maruxak taldeko proiektuen berri emateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!