Iruñerrian "saltsa badagoela" erakutsiko du Euskaraz Bizi Egunak larunbatean

Miren Mindegia 2026ko martxoaren 11

Euskal Herrian Euskarazek antolatu duen egunak 12:30ko NATO-ren aurkako manifestaldiarekin bat eginez ekingo dio egunari. Gainerakoan, trikipoteoa, bazkari herrikoia, musika emanaldiak, tribiala eta "sorpresa ugari" egonen direla iragarri dute

Iruñerriko euskal komunitatea astintzea eta euskara biziberritzea, besta aldarrikatzaile baten bitartez. Horixe izanen da larunbatean Euskal Herrian Euskaraz elkarteak antolatu duen Euskaraz Bizi Egunaren asmoa. Eguerditik abiatuko da egitaraua, hainbat eragile internazionalistek eta antiinperialisten deituriko NATO-ren kontrako manifestaldiaren parte-hartzearekin. Ondoren, giro alaiarekin jarraituko du egunak, Joseba Ganboa EHE-ko kideak azpimarratu bezala, "besta eta aldarrikapena ez direlako kontrajartzen". Trikipoteoa eginen da Nabarrerian barna, eguerdian Zaldiko Maldikon eginen den bazkarira arte. 

Ganboak berak azpimarratu bezala, oraindik ere badago bazkarian izena emateko tartea, leku gutxi batzuk besterik gelditzen ez badira ere. Horretarako, 648172899 zenbakira idatzi daiteke. "Kantu bazkaria izango da, giro ona ziurtatuta dago". Giroak, hala, arratsaldean jarraituko du aurrera, Elektropikalak taldearen elektrotxarangarekin, Jarautako Aitzina tabernan. Bertan izanen dira, halaber, gauari jarraipena emanen diotenak. 20:30ean DJ-ak eta jokuak eginen dira, eta Arima Zaurituak eta DJ Disfrutona ta Kimera-ren emanaldiekin. "Iruñean saltsa badagoela erakutsiko dugu", borobildu du Ganboak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!