Taupak, Euskaltzaleen Mugimenduak, Eusfera izeneko ekimen berria aurkeztu du. Haurren unibertsoa edo inguru euskaldunagoa izateko helburua du. Gurasoekin elkarlanean aritzea proposatzen du, sektore hori aktibatzea guztiz ezinbestekoa delako euskarak ume eta gazteen egunerokoan pisu handiagoa izateko. Horretarako, tresna eta baliabide ezberdin eta askotarikoak eskainiko ditu eta euskaraz gozatzeko familientzako elkarguneak sortuko dira.
Taupak, aurrerapausoak ematen jarraitu nahi du aisialdia, kultur kontsumoa, erreferenteak, kirola, etxeko hizkuntza praktikak… euskaldunagoak izan daitezen. “Euskaraz jakin ala ez, 0-12 urte bitarteko haurren gurasoei edo guraso rola betetzen duten helduei dago zuzendua. Haurren inguru euskaldunagoa izatea nahi duten guraso guzti-guztientzat, denek egin dezaketelako ekarpena”, adierazi digu Uxue Izko Taupako kideak.
Eusfera maiatzaren 7tik 17ra gauzatuko da ekimena antolatzea erabaki duten herrietan. Informazio guztia www.eusfera.taupamugimendua.eus webgunean. Taupako kide den Uxue Izko Euskalerria Irratiko Irrintzi Plaza saioan egon da jarduera honen berri ematen.