Korrika egiteko, aski da zapatak eta kiroleko arropak janztea. Baina Aimar Urkizuk, beste bi elementu behar ditu: mapa eta ipar-orratza. Orientazio lasterketetan dihardu umea zenetik, eta 2019an 16 urtez azpiko Munduko Txapelketa irabazi zuen Estonian. Geroztik, beste hainbat emaitza aipagarri lortu ditu estatu mailan nahiz nazioartean.
Pasioa etxetik datorkio, haren aita Jorge orientazio proben zale amorratua baita. Bada, duela aste batzuk, elkarrekin distantzia luzeko La Mision lasterketa lehiatu zuten Patagonian. Hasiera batean ibilbiderik luzeena osatu nahi zuten, 200 kilometro eta 10.000 metroko desnibela zituena. Azkenean, baina, 120 kilometroko modalitatea hobetsi zuten. Aimar Senior A mailan irabazle izan zen, eta haren aita bigarren sailkatu zen Beteranoen B mailan.