Iruñean bi adingabe dituen familia bat kale gorrian utzi dutela salatu dute zenbait kolektibok

Euskalerria Irratia 2026ko martxoaren 11

Erakundeek bi adingabe dituen familia bat kale gorrian utzi dutela salatu du Negu Gorriak kolektiboak. Ez dizkiete baliabiderik ematen eta kalean lo egiten segitzea baimentzen ari direla ohartarazi dute. Izen-abizenak jarri dizkiete arduradunei: Joseba Asiron alkatea eta Txema Mauleon Gizarte Ekintzako zinegotzia.

Familia aljeriar bat da eta bi alaba ditu, sei eta hamabi urtekoak, Sido eta Keira. "Baliabiderik gabe utzi dituzte eta familia-banatzearekin mehatxatu dituzte", jakinarazi du Negu Gorriak kolektiboak. Izan ere, Iruñeko Udalak bazterkeria handiko pertsonei epe mugaturako hotel batean gaua pasatzeko aukera eskaintzen die. Adingabeak tartean dauden kasuetan eta egoera zaurgarria dela jakinda, hotelerako bono gehiagoren bila doazenean jakinarazten diete familiei euren egoeran esku hartzerik izanen luketela adingabeak babesgabe badaudelako. "Politika horiek eskuineko gobernuen jarduketarik krudelenak izaten dira", adierazi dute.   "Hipokresia" salatzen ari dira eta Iruñeko alkateak, Joseba Asironek egindako promesa ez betetzea leporatu diote: "Inork ez zuela kalean lo eginen esan zuen, baina egun,  200 pertsona inguru daude Jaso zenaren eraikinean eta Aranzadikoan gaua pasatzen", azaldu dute.

"Egiturazko akatsak dira pertsonak noraezean uztearenak", gogorarazi dute. Iruñean, bi alabarekin kalean dagoen familia bereizteko mehatxua ere jasotzen ari dela esan dute: "Udalak kalean bizi direnei eta egoera oso zaurgarrian daudenei gau mugatu batzuetarako hotelerako sarbidea ematen die, baina muga hori gainditzen ari diren unean, ohartarazten diete bi adingabe izanda, eta zaurgarritasun egoera kontuan hartuta, esku hartzea etor daitekeela".

Erroldatze ukapena eta etxe kaleratzeak

Erroldatze arazoak eta etxegabetzeak etengabeak izaten direla adierazi dute. 500 pertsona baino gehiagori modu arbitrarioan eragiten diela nahiz legeak hemen bizi diren pertsonak erroldatzeko betebeharra duten.

Errelaitate horiei bizkar ez emateko eta adingabeak dituzten familientzako errekurtsoak bideratzeko galdegin dute: "Bizitoki-irtenbide duina eta eraginkorra ezinbestekoa da, familia-banatzearen mehatxua etetea, erroldaren berehalako erregularizazioa pertsona guztientzat eta adingabeak eskolaratzea hezkuntzarako oinarrizko eskubide den aldetik". 

Elkarteek babesa eskaini diete, elkarri laguntzeko sareak ari dira familia horiek sostengatzen. Aurretik ere, iaz, beste zenbait familia egon ziren egoera berean, eta era berean, familia-banatzearen mehatxua ere jaso zutela jakinarazi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!