Amaia Govillar: "Lurrazpia ezagutzeko aukera berezia izanen da asteburuan"

Maialen Huarte Arano 2026ko martxoaren 11

XVI. Lezeen Eguna ospatuko du Lurpea elkarteak asteburuan Hego Euskal Herriko bere kobetan eta martxoaren 21 eta 22an Ipar Euskal Herrikoetan. Balio historiko zein natural handiko leku hauek bertatik bertara gozatzeko aukera eskaintzen ari dira eta asteburu horietan deskontu bereziekin jarriko dituzte eskuragarri sarrerak. Zozketak ere eginen dituzte eta bisita bereziak izanen direla aurreratu du Amaia Govillar Mendukilo leizeetako gidak: "Lur gainean gertatzen denak lurrazpian ere badu eragina eta hori begibistakoa da kobetan", azaldu du. 

Arrikrutz, Ekainberri, Isturitz-Oxozelhaya, Mendukilo, Pozalagua, Sara, Zugarramurdi eta Urdazubiko kobazuloak bisitatzeko aukera berezia izanen da Hego Euskal Herrian martxoaren 14 eta 15ean eta Ipar Euskal Herrian martxoaren 21 eta 22an. Lurpearen baitako kobak dira horiek guztiak eta deskontu bereziak eta zozketak eginen dituzte egun horietan. Helburua da bisitariak erakartzea eta lurrazpiko aberastasuna ezagutaraztea. Kobazuloen Egunarekin seigarren kontinentea deskubritzeko aukera emanen zaio, askotan, ezezagun den barne mundua ezagutarazteko. Lurpea.eus webgunearen bitartez zabaltzen ari dira egun horietarako sarreren salmenta, baita kobazulo bakoitzaren interneteko ataritik ere eta informazio guztia eskuragarri jarri dute. Amaia Govillar Mendukiloko gidarekin elkarrizketa egin du Euskalerria Irratiak. Argazkian klik eginda entzun daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!