Palestinaren aldeko arte topaketa eta Saharara gurpilak bidaltzeko deialdia, Nafarroako GKE-en eskutik

Euskalerria Irratia 2026ko martxoaren 9a

Gorroto hizkeraren eta desinformazioaren inguruko formakuntza saioak ere antolatu ditu koordinakundeak Nafarroako Gobernuarekin lankidetzat. Abendura arte emanen dira saioak eta ikastetxe zein zentroek dagoeko egin dezakete bertan parte hartzeko eskaerak 

Gorroto hizkera eta desinformazioa badira gazteen egunerokoari lotutako errealitateak. Gaiari heltzeko eta ikuspegi kritikoa garatzen laguntzeko helburuarekin, Nafarroako GKE-en koordinakundeak 15 eta 30 urte bitarteko gazteei bideratutako formakuntza ikastaroa eskainiko du martxoan abiatu eta abendura bitartean, hala eskatzen duten zentro eta ikastetxeetan. Nafarroako Gobernuak finantzatutako formakuntza eskaintza den heinean, doakoa da eta eskaerak dagoeneko egin daitezke. 

"Horretarako", azaldu digu Inma Rekalde koordinakundeko kideak, "gune formal eta ez-formaletako prestakuntza-eskaintza bat koordinatzen dugu, katalogoan klikatzen duena, 15 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendua, 2026ko abenduaren 31ra arte. Katalogoak 9 prestakuntza ditu, hainbat erakunde sozial eta profesional espezializatuk emanak, hala nola Munduko Medikuak, Medicus Mundi, Asociación Navarra Nuevo Futuro, RODE Fundazioa, Aloa Comunicación, SEI Elkartea, CEAR, Itsasne Ezquerro irakasle eta diseinatzailea, eta Zurrumurruen Aurkako Nafarroako Sarea, askotariko gai eta dinamikekin".

Ez da, alta, martxoko eskaintza bakarra izanen, hilabetea erakusketa eta arte ekitaldiz beteta baidator. Burlatako Kultur Etxean Hiroshima eta Nagasaki, Lucas Valdecillos fotokazetariaren erakusketa egonen da ikusgai martxoaren 25a arte. Historiako bi bonbardaketa atomiko bakarrak izan zirenetik 80 urte igaro direla eta, Valdecillosek bere biktimek bizi izan zuten errealitatea azaltzen du, armamentu nuklearra abolitzeko beharrari buruz hausnartzeko gonbita eginez.

Bestalde, aurrera jarraitzen du Bidezko Txokolatearen Ibilbidearen 8. edizioak. Aiegiko Liburutegia bisitatuko da martxoaren 9tik 26ra.  Rekaldek argitu bezala, erakusketan "kakaoaren industriaren atzean dagoen guztia" erakutsiko da bertan. Martxoaren 25ean, Bidezko Merkataritzako txokolate-dastaketa egingo da, eta, ondoren, Irakurketa Klub irekian parte hartzeko aukera izango da, Jorge Amadoren Kakaoa liburuarekin.

Martxoaren 12an arteak eta aldarrikapenak eskutik joanen dira Txantrean. Izan ere, egun osoan zehar hainbat ekitaldi eginen dira Arte egunak Palestinaren alde ekimenaren eskutik. UNRWAk antolatuta, Eunate institutuarekin eta Agroforestal CI-rekin batera, Eskola Solidarioak programaren bidez eta auzoko hainbat kolektiboren laguntzarekin osatu da egitaraua. "Ekimen honek jarduera sortzaileak, kultur erakustaldiak eta topaketak eta gogoeta egiteko uneak izango ditu, auzoak herri honen giza eskubideen alde duen konpromisoa ikusarazteko".

"Egunean zehar, bertaratzen direnek artibismo gune batean parte hartu, Dabke dantza tradizionalaz gozatu eta te arabiarra dastatzeko aukera izango dute, Palestinako errefuxiatuei bere elkartasun mezuak bidaltzen dizkien bitartean". Arratsaldean, mikrofono ireki bati esker, konpromisoz betetako bertsoek eta hitzek palestinar herriaren aldeko aldarria piztuko dute. Azkenik, azken asteetan jorratu den murala jendaurrean aurkeztuko da.

Gurpilak Sahararentzat

Solidaritate deialdi bat gehitu nahi izan dio Inma Rekaldek hilabeteko egitarauari. Izan ere, Saharar Errefuxiatuen Kanpamenduetan edateko uraren ia %40 banatzen duten zisterna-kamioiak zirkulatzeari uzten ari dira, gurpilik ez dutelako. "Horiek gabe, milaka pertsona urik gabe geratzen dira basamortuan". Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkarteak (ATTsF) 23 urte baino gehiago daramatza kanpalekuetan lanean, eta gurpil berriak edo erabiliak biltzeko kanpaina antolatzen ari da, kamioiak martxan mantentzeko. Halaber, erabilitako gurpilak birkautxuztatzeko diru-dohaintzak ere onartzen dira. Gurpilak 2026ko apirileko Karabana Humanitarioan bidaliko dira.

Behar diren gurpil motak: 13R22.5 · 12R20 · 12R24 · 11R22.5
Laguntzeko kontua: ES25 2100 8988 8102 0001 6949
Bizum: 07956

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!