KIROLERRIA

Berandu, baina ez beranduegi

Eñaut Agirrebengoa 2026ko martxoaren 9a

Gizonezkoen Osasunak ozta-ozta berdindu zuen Sadarren Mallorcaren aurka. Bisitariek gogor zigortu zituzten gorritxoen akatsak, eta 0-2 ipini ziren aurretik. Lisciren taldea, ordea, berpiztu egin zen neurketaren hondarrean, eta puntu bat urratu zuen azkenean. Emakumeak, berriz, larunbat honetan itzuliko dira ligako jardunera

Oro har, irudi eskasa eman zuten nafarrek jaitsiera postuetan zegoen Mallorcaren kontra. Ezin izan zuten ezarri Sadar dar-darka jartzen duen erritmo biziko futbola, eta gainera, akats larriak egin zituen defentsan. Sergio Herrerak oso gol inozoa oparitu zuen lehen zatian, eta bigarrenean, Osasunari kontraeraso batean iritsi zitzaion zigorra. Vedat Muriqik sartu zituen Mallorcaren bi golak.

Lehen itzuliko neurketan ere 2-0 ipini zen Mallorca, Muriqi golegile izanik. Eta orduan bezala, larunbatean Osasuna gai izan zen bere onera etortzeko. Lisciren aldaketa arraroek haize berriak ekarri zituzten Sadarreko berdegunera, eta bi taldeak hamar jokalarirekin zirela, Barjak eta Budimirrek orekatu egin zuten markagailua. Hori gutxi ez, eta partida irabazteko zorian izan ziren gorritxoak.

Azkenean, ordea, ezin izan zuten mirara biribildu. Sailkapenean ez dute jauzirik egin, baina gutxienez, eutsi egin diote jaitsiera postuekiko duten aldeari.

Emakumeek, berriz, bi asteburu daramate ligako lehiarik jokatu gabe. Iragan ostegunean lagunartekoa izan zuten Lehen Mailako Eibarren aurka, eta armaginak izan ziren nagusi, 1-0. Osasuna larunbat honetan izango du hurrengo partida ofiziala, Albaceteren aurka. 

Hori guztia mintzagai Kirolerriko Osasun-etxean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!