Asurtzu 4, Izarraitz mendilerroko aire zabaleko aztarnategi bat da, Azpeitian kokatua. Bertan egindako azken indusketek baieztatzen dute Neolitotik Brontze Arora arteko giza presentzia egon zela, eta bereziki Brontze Aroan, duela 3.800 eta 2.800 urte artean, jarduera egonkor eta esanguratsua izan zela. “Ez gaude kobazulo baten aurrean, ezta trikuharri baten aurrean ere; mendi gaineko bizitza antolatu baten arrastoak dira, aire zabalean agertu direnak. Horrek mendien historia kontatzeko modua bera berrikustera garamatza, paisaia hauek iraganean izan zuten giza dimentsioa nabarmenago eginez”, adierazi digu Izaro Quevedo Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak eta Asurtzu 4-n egindako indusketetan parte hartu duen arkeologoa eta historiaurrea adituak.
2025ean egindako indusketa kanpainaren helburua 2022an identifikatutako balizko labe bat sakonago aztertzea izan da. Horretarako, indusketa eremua bi metro zabaldu eta 62 zentimetroko sakonerara iritsi ziren. Lan horien ondorioz, Brontze Aroko 112 zeramika zati berreskuratu dira, tartean gorputz zatiak, oinarriak, ertzak eta apaindutako piezak. Gainera, labean arkeomagnetismo bidezko laginak hartu dira, azken sua noiz piztu zen zehazteko. Horrek aukera emango du labe hori azkenekoz noiz erabili zen jakiteko, eta, ondorioz, data zehatzago bat proposatzeko.
“Aurkikuntzek iradokitzen dute jarduera termiko erregularra egon zela eta Brontze Aroan okupazio fase egonkor bat izan zitekeela. Horrek pentsarazten du mendi-ingurune hau ez zela soilik igarobide edo estazio puntual bat, baizik eta jarduera antolatuak hartu zituen espazio bat”, adierazi digu Quevedok. Izarraitz, beraz, ez zen paisaia hutsa; bertan lan egin zen, suak piztu ziren eta litekeena da komunitate baten eguneroko jardueraren parte izatea. “Okupazio sekuentzia luze bat erakusten du: Neolitoko arrasto sakabanatuak, Kalkolito eta Brontze Aroko fase sendoena, ondorengo hutsune bat, eta Erdi Arotik aurrerako presentzia estazionala, abeltzaintza eta bestelako ustiapen tradizionalekin lotua”.
Testuinguru horretan, Asurtzu 4k aukera ematen du Gipuzkoako protohistoria hobeto ulertzeko eta, bereziki, aire zabaleko mendiko okupazioen inguruan oraindik gutxi ezagutzen den esparru bat argitzeko. Irrintzi Plaza saioan Izaro Quevedo elkarrizketatu dugu indusketek Asurtzun utzi dituzten ondorioen inguruan.