Imanol Janices: “Aisialdiaz harago, sormenaren bidez hazteko aukera emango diegu haurrei”

Euskalerria Irratia 2026ko martxoaren 2a

Arima Projects estudioak bi egitasmo artistiko antolatu ditu Arbizun 6 eta 12 urte bitarteko umeentzat: Sakanartez Blai, kanpus artistikoa eta Arte Eszeniko Udalekua

Badira arrasto berezia uzten duten udak. Ez bakarrik eguraldiagatik edo oporrengatik, baizik eta bizitzen diren esperientziengatik. 2026ko udan, Arbizun, sormena eta artea izango dira arrasto horren bultzatzaile.

Arima Projects estudioaren gidaritzapean, bi egitasmo artistiko desberdin eginen dira herrian: Sakanartez Blai – Kanpus Artistikoa eta Arte Eszeniko Udalekua. Biak Arbizun eginen dira, baina helburu eta publiko ezberdinekin.

Sakanartez Blai, udako kanpus artistikoaren helburua, Sakanako haur guztiak elkar ezagutzea, harremanak ehuntzea eta Arte Eszenikoen inguruan esperientzia hezitzaile eta sortzaileak bizitzea. Aste betean musikal bat eraikiko dute: ideiak sortu, rolak banatu, eszenak landu, mugimendua eta ahotsa uztartu, atrezzoa prestatu… “Aste amaieran, oholtza gainean ikusiko dena, ez da soilik ikuskizun bat izango; bizitzako esperientziaren isla izango da”, adierazi digu Imanol Janices, Arima Projects egitasmoaren bultzatzaileak.

Abuztuak 17-21 eta 24-28 bitartean, Arbizuko espazioak eszenatoki bihurtuko dira. Goizero, 09:30etik 14:00etara (08:30etik aurrerako sarrera malguarekin), Sakanako 6 eta 12 urte bitarteko haurrak ikuskizun bat elkarrekin sortzeko elkartuko dira.

Arte Eszeniko udalekuan berriz, artea eguneroko bizipenaren parte bihurtuko da. Antzerkia, abestiak, dantza, atrezzoa eta multimedia landuko dira, akrobaziekin, malabareekin eta uretako jarduerekin batera.

Uztailak 20-26 eta Uztailak 27– Abuztuak 2 bitartean eginen da, Arbizuko Eko-kanpinean, naturaz inguratuta. Bi txandatan banatuko da egonaldia, adinaren arabera antolatuta. Proposamena Euskal Herriko haur guztiei zabaldua egonen da, eta %100 euskaraz biziko da. Informazio guztia arimaprojects.com webgunean aurkituko duzue.

Irrintzi Plaza saioan Imanol Janices, Arima Projects ekimenaren bultzatzailea izan dugu artez beteriko udaleku hauen inguruan hitz egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!