Osasuna punturik gabe itzuli zen atzo Valentziatik. Eta albistea da hori, sei partida baitzeraman galdu gabe. Gorritxoak bigarren itzuliko lider gisa iritsi ziren Mestallako neurketara, baina irudi makala eman zuten atzo.
Berdintasun handiko eta aukera gutxiko neurketa jokatu zen Valentziaren zelaian. Gorritxoak eskas ibili ziren joko aldetik, eta agerian geratu zen aurkariak baino premia gutxiago zutela. Valentziak ez zuen erakustaldirik egin, baina arrisku handiagoa sortu zuen kontrako arean. Hori horrela, bigarren zatian aurrea hartu zuen markagailuan; penaltiz izan zen, Ramazaniren eskutik.
Osasuna behin kolpea jasota esnatu zen bakarrik. Jo eta ke aritu zen Lisciren aldaketa berantiarrek lagunduta, baina halere, ez zion aparteko lanik eman Dimitrievski atezainari. Azkenean, zero gol, eta zero puntu. Gorritxoek, bere txarrean, eutsi egin diote jaitsiera postuekiko bederatzi puntuko aldeari.
Norgehiagokaren analisia egin dugu Kirolerriko Osasun-etxean.