MARTXOAK 8

Lisabe Velasco (historialaria): "Kontzientzia sortu eta gizartearen antolakuntza beharrezkoa da ultraeskuinari aurre egiteko"

Maialen Huarte Arano 2026ko martxoaren 3a

Ultraeskuinaren mezuak nondik datozen eta zertarako ezagutzea garrantzitsua da Lizabe Velascorentzat. Sinestea boterera iristen ahal direla arriskutsua izan daitekeela dio: "Gizartearen presioak garrantzia du historian. Aldaketak eman edo gelditzeko gakoa dira. Antolatzeak sekulako garrantzia du, adieraztea badela indarra eta badirela bestelako iritziak eta pertsonak eta horiek ere kontuan hartu behar direla", adierazi du. 

Historiari erreparatuko dio Lisabe Velasco ikertzaileak Martxoaren 8ari begira jartzeko. Nondik gatozen ere gogorarazteko. Mugimendu Feminista faxismoaren gorakadari begira ere jarriko delako, iristen ari diren gorroto mezu eta berdintasunean atzera pausoak emateko ideia horietara. Eta hau, ez da kontu berria, historia hurbilean ere indar handia izan baitu faxismoak emakumeon jazarpenean. 

Emakumea nola bizi zen frankismoan?

Frankismoak bere genero diskurtso propioa zuen. Emakumeen errealitatea baldintzatu zuen. Erroak XIX.mendean zituen, familia burgesaren ereduan. Emakumeen funtzioa amatasunera eta ezkontzara bideratzen zituen. Ama, emaztea eta etxean. Horrek esan nahi du bizitza soziala, lan mundua edota politikatik aldenduta zegoela guztiz. Naturalizatzen zuten hori guztia diskurtsoan, emakumeen misio naturala hori zelakoan. Adingabe moduan hartzen ziren emakumeak. Kokapen sozialaren arabera egoera ez zen bera, baina bai antzerakoa. Genero diskurtsoa hori emakume guztiei bideratua zegoen. 

Ultraeskuinaren mezua egun zenbateraino errepikatzen ari dira?

Ez dago beti ongi pentsatzea historia beti errepikatzen dela, beti dago denbora gauzak aldatzeko. Inspirazioa bai berdina da. Frankismoaren diskurtsoa hartzen dute eta ideiak hortik hartzen dituzte: familiaren erromantizazioa, emakumearen papera murriztea (behar sozial bat bezala), edo emakumeen gaitasun mugatuez hitz egitea, ukatzea gaitasun hori, pertsona aktibo izateko ahalmenik gabea bezala deskribatzea. Eztabaidak errepikatu egiten dira. Abortoa edo dibortziari buruz hitz egitean argudio berak agertzen dira: emakumeak ez direla gai bere bizitzaren inguruan erabakitzeko. 

Arriskua beraz non egon daiteke?

Pentsatzea ezin dela hau guztia ekidin, iritsiko dela ultraeskuina boterera. Arriskutsua da. Eskubideak ematen diren bezala kendu ere egin daitezkeelako. Diskurtsoak ez dira hitz soilak. Errealitatea aldatzeko gai dira. Hamarkadetan hainbesteko borrokarekin lortutako eskuibideak galdu daitezke. Arriskua hor dago. Horren inguruan lanketa egin behar da, gelditu egin behar ditugu. 

Zer egin daiteke horretarako?

Diskurtsoak ezagutu. Zergatik ematen diren eta nondik datozen ezagutu. Ez dira bakarrik gertatzen misginoak direlako, sistema bera ere hala delako. Eta ez hori bakarrik. Zergatik sortzen diren diskurtsoak eta noren onurarako diren ezagutzea garrantzitsua da. Gure buruan kontzientzia sortu eta gizartea antolatu behar da. Gizartearen presioak garrantzia du historian. Aldaketak eman edo gelditzeko gakoa dira. Antolatzeak sekulako garrantzia du, adieraztea badela indarra eta badirela bestelako iritziak eta pertsonak eta horiek ere kontuan hartu behar direla. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!