Mugimendu Feminista aldarrikatzen ari da Martxoaren 8ari begira ez duela nahi transfeminismorik gabeko Mundurik. Gerta daiteke hori inoiz baino beharrezkoagoa izatea aldarrikatzeko. Azken urteotan indartu egiten ari dirla gorroto mezuak zenbait kolektiboren artean bereziki. NAIZEN, haur transexualen elkartea goraldi hori nola bizitzen ari den ezagutzeko hitz egin dugu Bea Severrekin.
Haurrak, bereziki zaurgarriak, are gehiago haur transexualak bizitzen duten guztiagatik. Familiak nola bizitzen ari zarete gorroto mezu horien zabalkundea?
Ardura, beldur eta atsekabe handiz bizitzen ari gara. Beste batzuentzat mezu bat da, kartel bat baina guretzat, gure seme-alabentzako eragin zuzena du euren eguneroko bizitzan. Badakigu gorroto delituen hasierako urratsa halako mezual helaraztea dela. Oso arduratuta gaude eta gainera ez ditugu ulertzen halako jarrerak. Gure seme-alabak ez dira inorentzat arriskua. Ez dute deus egiten. Bizitza arrunta eraman nahi dute.
Ideia horien aurrean, zer egin?
Kontraesanak eta iritzi ezberdinak daude gorroto mezu horien aurrean zer egin adosterakoan. Batzuetan kasurik ez egitea erabakitzen da, baina, bestetik, aurre egin behar zaiela ere irudtzen zaigu. Zer gertatzen da, baina? Askotan halakorik egiten dugunean konturatzen garela euren bidea egiten ari garela, eurek markatzen dutela egin beharreko bidea. Guk jarri beharrean gure indarra aurrera egiten, jartzen dugu euren buloak desmontatzen. Ez dakigu nola asmatu. Azken finean segitzen dugu betiko martxan ezagutzatik gure mezua transmititzen, eta maitasunetik. Gezur asko hedatzen dituzte, euren motorra gorrotoa da, gurea maitasuna. Denontzako lekua izanen duen Mundua eraikitzen segituko dugu eta horrela jendearengana iristea da gure nahia. Guretzat modurik errazena da gure seme-alaben bizitza ezagutzea, modu horretan desmontatzen dira horrelako ideologikoak. Begiratu haur horiek eta berehala ohartuko zara ez dago teoriarik bizitzak daudela.