Errigorak bere udaberriko kanpaina abiatu du. Eskutik eskura egiten dugun herria lelopean, Nafarroako hegoalde eta ekialdeko produktuak eskuratzeko aukera emango digu. “Hizkuntzak egiten gaituen bezala, kontsumitzeko erak ere egiten gaitu herri. Gure kontsumo hautuek eredu eraldatzaile bat indartu dezakete, eta hori herria egitea da”, dio Aintzane Ariztegi, Errigorako kideak.
“Errigoraren Eskutik Eskura kanpainak beste gisara kontsumitzeko aukera bat eskaintzen digu. Balioetan oinarritutako ekoizpen eraldatzaile bat bultzatzeaz gain, Nafarroa erdi eta hegoaldeko produktuak gure etxeetaraino jatorrizko prezioan ekartzeko bide bat eskaintzen digu”.
Otsailaren 26tik martxoaren 18ra egin daitezke eskariak. Oliba-olio birjina estra, ardoak eta arroz-, pasta-, lekale-, eta kontserba-sortak eskaintzen dituzte, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta. Aurten, produktu berriak ere eskaintzen ditu Errigorak: ardo sortak, babarrun zuri ekologikoak, pikillo piper zati ekologikoak, arbendolak edota pastak.
Eskaerak egiteko bi modu daude: Online, errigora.eus webgunean, edota telefonoz. Egindako eskaerak, apirilaren bukaeran edota maiatzaren hasieran banatuko dira. Informazio gehiago, errigora.eus webgunean.