Memoria historikoa berreskuratzeko eta kultur jarduerak bultzatzeko helburua duen Amaiurko Gaztelua Fundazioak hainbat ekitaldi antolatu ditu martxoaren 1ean Amaiurren. Goizeko 11tan Eñaut Elorrietak kontzertua eskainiko du elizan. Azkenaldian, bakarkako emanaldiak eskaintzen dabil, bere hurrengo diskoa prestatzen ari den bitartean eta birako azken aurreko emanaldia izango da Amaiurrekoa.
Halaber, Fundazioak sortutako bi argitalpen aurkeztuko dira. Lehenengoa, Amaiur 1922. Harrizko Memoria izenekoak, Amaiurko gazteluko monolitoaren inaugurazioa zela eta 1922an argitaratu zen argazki-albuma faksimile gisa erreproduzitzen du. Edizio honek jatorrizko argazki-albumaren tamaina, tipografia eta ezaugarriak errespetatzen ditu, eta 150 ale baino ez dira argitaratu. Edizio mugatua da, eta Mintzoa argitaletxeak inprimatu du.
Bigarrena, Patxi Agirre historialariak idatzitako Manuel de Irujo, Amaiur y la historia de Navarra izeneko monografia da. Lizarrako politikariaren eta Nafarroaren arteko lotura sakona aztertzen duen dibulgazio-lana da. Liburuaren funtsezko ardatz bat Amaiurren sinbolismoa da, 1522an Nafarroaren independentziaren aldeko azken borroka gertatu baitzen Foru Komunitatearen egungo lurraldean. Manuel de Irujorentzat Amaiurrek herri gisa etorkizun komun bat proiektatzeko gainditu behar ziren hauste historikoen oroigarri bat irudikatzen zuen. 1922an Amaiurko monolitoaren inaugurazio-ekitaldian egon zen, Nafarroa osorako memoria-leku gisa definitzen zuena. Irujoren familia eta alderdi kideak ere bilduko dira Amaiurren.
Ekitaldia borobiltzeko, Gernikako arbolako kimu bat landatuko dute. Baztango alkatea, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria eta Bizkaiko Batzarretakoa egongo dira ekitaldian. Zuhaitza eliza ondoko belardian landatuko dute. Juantxo Agirre, Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia Irrintzi Plaza saioan egon da ekitaldiaren inguruko xehetasunak kontatzen.