Jabier Leoz eta Maitane Urbizu: “Mugaren bi aldeetako emakumeen istorioak kontatu eta kantatuko ditugu”

Euskalerria Irratia 2026ko otsailaren 25a

Jokai konpainiak antzerkia eta musika uztartzen dituen ‘Mugarri’ ikuskizuna taularatuko du otsailaren 27an Antsoainen eta martxoaren 1ean Berriozarren

Jokai konpainia duela bost urte sortu zuten Jabier Leozek eta Jon Artolak. Larun izeneko instalazio artistiko eta parte hartzailea izan zen beren lehenengo proiektua. Euskal mitologian oinarritutako joko multzo bat da, eskuz egina eta teknologietatik urrunduta. Jolasen bidez euskal kulturari buruzko kondairak haurrei irakastea du helburu. Orain aurkezten diguten proiektua berriz, antzerkia eta musika uztartzen dituen ikuskizuna da: Mugarri. Konpainiaren lehen ikuskizuna.

Ibardineko muga inguruan historian zehar bizi izan diren istorio eta kontakizunak jasoko ditu, musika eta antzerkia uztartuz. Bi begirada eta bi istorio kontatuko dituena. Biak Ibardineko mugan gertatutakoak. Lehenengo begirada Maria artzainarena da; borda batean bizi da, Ibardin gainean, bertan ditu ardiak. Bere kontakizunek, gertakari politikoei dagokienez, urte nahasiak islatzen dituzten bizipenak kontatzen dituzte: Gerra Zibila, gerraostea, II. Mundu Gerra.

Bigarren begirada, Kontxi alabarena da, berak borda benta batean bihurtuko du. Bere bizipenek gaur egun mugan gertatzen diren arazoak jorratzen dituzte: migrazioa eta mugaren inguruan bizi diren biztanleen egunerokotasunari eragiten dioten erabaki politikoak. Emanaldia hamar kanturekin osatuko da.

Otsailaren 27an Antsoainen taularatuko da Mugarri. Eta martxoaren 1ean, berriz, Berriozarren. Jabier Leoz eta Maitane Urbizu, Jokai konpainiako kideak Irrintzi Plaza saiora hurbildu dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!