Maggie Dickson, heriotzetik itzuli zen emakumea

Euskalerria Irratia 2026ko otsailaren 25a

Urkatzera kondenatua izan arren biziraun zuen emakumearen istorioa ekarri digu Bakarne Atxukarrok 'Gizalabak' sekzioaren atal berrian

Kontakizun hau XVIII. mendean kokatzen da, eta bere protagonista Maggie Dickson da. Edinburgheko neska bat zen, klase ertainekoa. Gazte ezkondu zen arrantzale batekin, zeinak bizimodu on eta egonkor samarra agindu zion, baina ez zuen benetan maite, eta, azkenean, abandonatu egin zuen.

Garai hartan oso gaizki ikusia zegoen gizon batek emaztea  utzi izana, eta horregatik, Maggiek Edinburghetik alde egitea erabaki zuen. 1723an inork ezagutzen ez zuen leku batera joan zen, Kelsora, Edinburgheko hegoaldean dagoen herri txiki batera. Han, ostatu batean lan bat lortu zuen, eta ostalariak, garbitu eta berarentzat lan egitearen truke, aterpea eta  mantenua eskaini zizkion.

Han ezagutu zuen ostalariaren semea, eta berarekin  ibiltzen hasi zen. Den-dena ezkutuan, noski, lana ez galtzeko. Baina haurdun geratu zen. Zer egin? Bada, disimulatu. Hamaika komeria egin behar izan zituen Maggiek bere egoera estaltzeko. Azkenik haurra goizegi jaio zen, eta,  zoritxarrez, hilda.

Hala eta guztiz ere, hori zen gerta zekiokeen gauzarik onena, bere "bizitza berrian" Maggie neska ezkongabea baitzen, zer pentsatuko zuen jendeak? Beraz, haurtxoa desegitea erabaki zuen, haren jaiotza eta heriotza ezagutzera eman gabe. Tweed ibaira joan zen uretan  desagerrarazteko asmoz. Baina, hara iritsitakoan, ezin izan zuen semea askatu, eta negarrari eman zion. Horretan ari zela, ikusi zuen gizon bat hurbildu zitzaion. Maggie izutu egin zen, haurtxoa ibai ertzean utzi, eta korrika alde egin zuen. Baina harrapatu egin zuten.

Garai hartan, edozein gauza har zitekeen delitutzat. Adulterioa, hilketa, haurdunaldia ezkutatzea… Bada, horixe leporatu  zioten, haurdunaldiarena, urkatzera kondenatzeko. 

1724ko irailaren 2an Maggieren  zigorra betearazi zuten. Ohi bezala, kondenatuari bere azken borondatea eman zioten,  kopatxo bat whiski,  alegia, eta minutu batzuk geroago urkatu egin zuten Edinburgheko herri osoaren aurrean. 

Bere heriotza ziurtatu ondoren, gorpua kanposantura eramateko lekualdatu zuten. Prozesio bat sortu zen haren atzean, herritarrek hilobiraino lagundu nahi zutelako,  horrela, ekitaldia amaitutzat emateko.  Baina hilerrirako bidean, hilkutxatik zetozen oihuak eta kolpeak entzuten hasi ziren. Zurezko hilkutxa ireki ondoren, han zegoen Maggie, bizirik baino biziago.

Errealitateaz jabetu bezain laster, herria plazara itzuli zen, bigarren exekuzioa ikusteko irrikan. Whiskia eta garagardoa nonahi zebiltzan, barreak eta komentarioak ere bai. Festa eguna izango balitz bezala. Maggie gajoa bigarren aldiz urkatzekoak  ziren, baina bat-batean norbaitek esan zuen: "Jainkoaren borondatez, emakume hau ez da hil epaitua izatean, ez da bidezkoa berriro epaitzea jada epaitua izan den delitu batengatik".

Izan ere, Maggie Dickson urkamendira  bidali zuten, baina ez heriotzara; beraz, bere delituagatik jadanik urkatua izan zenez, Maggie errugabea deklaratu zuten. Gainera, urkatu ondoren heriotza iristen zela uste zenez, bere bigarren bizitza horretan ezkongabe geratzen zen; azken finean, apaizak esandako "heriotzak banandu arte", banandua zegoen jadanik. 

Egun hartatik aurrera Maggie oso ezaguna izan zen, eta “Maggie erdi  eskegia” izengoitia eman zioten. Askok diote heriotzatik salbatu zuen gizonarekin ezkondu zela, etxe bat erosi zuela exekuzioa egin zuten lekutik oso gertu, eta han bizi izan zela beste 40 urtez. Beste batzuen esanetan, Maggiek bizirik iraun zuen, sokagilea ezagutzen zuelako, eta soka hausten erraza jarri ziola lepoaren inguruan, bizirik irautea ahalbidetu ziona; beste batzuen arabera, azken unean urkatzailea errukitu zela, eta korapilo ahul bat egin zion. 

Bere biziraupenaren arrazoia zein izan zen ez dakigu, kontua da bere historia gaur gogoratzen dela eta Maggie Dickson pubaren bidez omentzen dela, bere gainontzeko egunetan bizi izan zen etxean kokatua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!