Artizarra proiektua 2018an jarri zuen martxan UEUk. Euskaldunen sare sozial tekniko-zientifiko-profesionala izateko helburuarekin eta komunitate hori sendotzeko eta trinkotzeko asmoz jaio zen. Zortzi urte geroago berriturik dator, itxuraldatuta eta erabiltzeko errazagoa izango da.
Artizarra proiektuak UEUren Inguma datu-basean du abiapuntua. “Ingumak azken 50 urteotan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz idatziz eta ahoz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen du, baina pertsonen arteko harremanak bideratzean motz geratzen zen. Gero eta gehiago mugitzen dira komunitate zientifikoaren partaideak, unibertsitatez edo ikerketa zentroz aldatzen dira, eta kontaktuak galtzen dira. Hortik sortu zen Artizarra”, adierazi digu Zihara Enbeita sare sozial honetako arduradunak.
Artizarrak hainbat funtzio ditu euskal komunitate zientifikoa saretzeko: laguntza-eskeak, eztabaidak eta galdera-erantzunak bideratzeko foroak; adituen bilaketa; adituen lanen jarraipena; norberaren ekoizpena eta curriculum vitae zabaltzea... Egun, 1106 kide ditu eta 31 lan talde desberdin daude. Orain Artizarraren itxura eguneratu egin da, eta erabiltzailearentzat erabilterrazagoa izango da, hainbat tresna sinplifikatu egin direlako: “Artizarra proiektu soziala den neurrian, ez da proiektu bukatua. Komunitate zientifiko-teknikoa proiektuaren jabe bihurtzea nahi dugu”, adierazi digu Zihara Enbeitak.