Iaz Anaitasunatik irten ondoren, eliteko eskubaloian bere tokia aurkitu nahian dabil Aitor Albizu. Ademar Leonekin bi urterako kontratua sinatu zuen, baina zokoratuta gelditu zen denboraldiaren lehen erdian. Kaltetu egin zuten begian izandako lesio batek nahiz erabaki teknikoek. Albizuk garrantzitsu sentitu nahi zuen berriro, eta asmo horrekin, Caserio Ciudad Real taldera utzita irten zen neguko merkatuan.
Bertan, iaz Anaitasunan emandako mailara itzultzen saiatuko da. Izan ere, talde nafarrak maila galdu zuen arren, Albizuk 116 gol sartu zituen. Jakitun da Anaitasunaren jaitsierak hutsunea eragin duela Nafarroako eskubaloian, eta hurbiletik ari da jarraitzen taldekide ohien jarduna.