Iñigo Otxoa (Sortzen): “Euskaraz esperientziak pilatzeari garrantzia eman nahi diogu”

Euskalerria Irratia 2026ko otsailaren 11

Sortzeneko kidearekin Euskaren Normalizazio Planaren baitan jorratu duten azken lan lerroaz aritu gara, hizkuntza transmisio eraginkor baterako familientzako orientazioa

Familien tipologia askotarikoa da D ereduan. Sortzenek ohartarazi duen moduan, “batzuentzat euskara ez da lehentasun nagusia eta beste arrazoi batzuei arreta gehiago jarri izan diete ikastetxea aukeratzeko orduan: Gertutasuna, hezkuntza proiektuko beste zenbait alor, jaso duten harrera, doakotasuna, publikotasuna, auzoko/herriko eskola erreferentziala izatea, ikasle profilaren homogeneotasuna edota heterogenotasuna…”. Euskarazko murgiltzearen aldeko hautua oso garbi izan duten askorentzat ere, euskararen transmisioa bera baino, D ereduaren ekosistemak ematen dien beste arrazoi batzuk bilatu dituzte: eskola eta auzo/herriaren bidez komunitatea egiteko aukerak, zirkuitu folkloriko edo kulturalak, sektore sozioekonomiko, ideologiko edo kultural jakin bateko partaide sentitzea...

Familia askoren artean, umeak D eredura ekarrita euskararen transmisioan nahikoa egin denaren sinesmena oso zabalduta dago. Sortzenen arabera,” datuek beste zerbait erakusten digute ordea, beraz, pentsaera hori eraldatu beharra dago eta bestelako espektatiben kudeaketa bat egin. Familia askok ez dute hizkuntza diagnosia, hizkuntza helburua edo euskalduntze prozesuaren eboluzioa ezagutzen, eta ez dute ulertzen orokorrean hizkuntza helburuaren lorpenerako transmisioan egin beharrekoa, ez eragile (gurasoak, eskola edo aisiako eragileak) bakoitzari dagokiona”.

Honen guztiaren ondorioz, “urgentziaz transmisio eraginkor bat nola lortzen den azalduko duen orientazioa jarri behar da martxan. Familiei, eragile ezberdinetatik, pedagogia eta komunikazio planifikatu eta sistematizatu baten bidez, hau dena ulertzen lagunduko dien zenbait mezu pasa behar zaizkie kanal egokietatik”.

Euskararen Normalizazio Plana jarri zuten martxan 2023ko urtean Euskal Eskola Publiko Berriaren Aldeko Elkarteak eta Sortzenek elkarlanean. Irrintzi Plaza saioan Iñigo Otxoa Sortzeneko kidea izan dugu, normalizazio planaren barruan landu dute azkeneko lan lerroaz mintzatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!