Annie Jones Elliot, estatubatuar emakume bizarduna izan zen, zirkoan fenomeno gisa erakutsi izan zena
1865ean iledun jaio zen. Enpresario batek bederatzi hilabete baino ez zuenean kontratatu zuen erakusteko, eta gurasoek 150 dolar hasi ziren jasotzen astean. Adin horrekin lehendabiziko argazkia egin zioten.
Bost urte zituela, bibotea eta belarrondoko bizar nabarmenak zituen, eta "neska bizarduntzat" hartzen zuten. Oso fama handia hasi zen izaten.
Txikitan, gainera, pasadizo deseroso bat jasan zuen, bere izena ezagunagoa egin zuena. New Yorkeko psikologo batek bahitu egin zuen oso txikia zela. Erakusten zuen enpresarioak eta poliziak feria batean ikusi zuten. Feriako gizonak neskatoa berea zela aldarrikatu zuenez, epaitegietara joan zen asuntoa. Eta han epaileak nexka aparte eduki zuen, deklaratu behar ez zuenean. Neskatila gelara sartu zenean, gurasoengana joan zen zuzen-zuzen, haiek ikustera. Epaileak kasua itxitzat eman zuen.
Nexka etxera bueltatu zen eta han hemenka ibili zen enpresarioaren eskutik.
Ilea asko hazten utzi zuen, bizarra eta melena zoruraino luzatu arte.
Garai hartan hezkuntza ona jaso zuen, eta egokera finak zituen. Mandolina jotzen zuen ere.
Bere bizitzaren zehar, argazkilari askok erretratuak egin zizkioten, eta argazkietan, postaletan, bisita-txarteletan eta liburuxketan kaleratu zituzten.
Heldua zela, Jones herrialdeko "emakume bizardun" garrantzitsuena bihurtu zen, eta erakusten zuen enpresarioaren freak-en bozeramaile jardun zuen. Kontuan hartu behar dugu XIX. mendearen azken urteetan freak hitzak “naturako fenomenoa” esanahia zuela. Anniek borrokatu zuen hitz horrek bera bezalako artistak ez deskribatzeko, eta merezi zuten errespetua lortzeko. Horrez gain, elbarrien eskubideen alde lan egin zuen, eta bere aberastasunaren zati bat giza aldeko laguntzarako bideratu zuen.
Jones Richard Elliotekin ezkondu zen 16 urte zituela, baina 15 urte geroago dibortziatu zen, William Donovan haurtzaroko mutil-lagunarekin ezkontzeko. William Donovan zirkuko eta inauterietako pregoilaria zen, Elliot bezala. Baina ezkondu zirenetik gutxira Europan zeharko jira batean hil zen gizona, bihotzeko batek jota, eta gure Annie alarguna geratu zen.
Lanean jarraitu zuen 1902ra arte. Urte horretan Brooklynen hil zen, amaren etxean, tuberkulosiak jota. 37 urte zituen.
Oraindik inork ez daki bere bizarraren arrazoia hirtsutismoa izan zen, edo bi sexuetako haurrei eragiten dien eta helduaroan jarraitzen duen baldintza genetiko bat, edo…