Zehazki, 79. minutuan jaso zuen kolpe erabakigarria Josu Dominguezen taldeak. Bada, hain justu, minutu horretan bertan apurtu zuen Lisciren Osasunak Vigon jokatu zuen neurketa. Ez zen garaipen samurra izan, gorritxoek aurkari on bati eta zaparrada etengabeari aurre egin behar izan ziotelako, baita epailearen erabaki polemikoei ere. Dena den, Osasunaren bi aurrelariek arrastoa utzi zuten markagailuan, eta garaipenak Iruñera egin zuen bidaia.
Eraginkortasuna izan zen gakoetako bat, atera egindako bi jaurtiketak gol bilakatu baitzituzten gorritxoek. Celtak indartsu hasi zuen partida, baina Budimirrek sartu zuen gaueko lehen gola, Raul Mororen erdiraketa zoragarria maisuki baliatuta.
Hortik aurrera, zentzuz eta dotore jokatu zuten Lisciren mutilek, eta ez zien minik eman Celtak penaltiz sartu zuen gol eztabaidagarriak. Etxekoek estutzean, hortxe agertu zen Sergio Herrera. Eta lehia erabakitzeko abagunea sortu zenean, ez zuen hutsik egin Raul Garcia de Harok.
Modu horretan, jardunaldia bederatzigarren amaitu du Osasunak, 29 punturekin. Azken lau partidetatik hiru irabazi ditu, eta jaitsiera zazpi puntura urrundu du momentuz. Ostiral honetan, hirugarren garaipena kateatu nahiko du etxetik kanpo, Elx.
Josu Dominguezen taldeak, berriz, alferrik galdu zuen Vila-real sailkapenean aurreratzeko aukera, 2-1 galdu baitzuen urpekari horiaren aurka. Etxekoek hasi eta berehala eman zuten lehen kolpea, eta Eunate Arraizak 57. minutuan partida orekatu zuen arren, Aixa Salvadorren golak esku hutsik utzi zituen nafarrak. Hortaz, ez ziren gai izan hirugarrenez jarraian irabazteko. Bederen, playoff postuetan jarraitzen dute.
Hori guztia aztergai Kirolerriko Osasun-etxean.