Duela urtebete, 2025eko otsailaren 1ean, milaka lagun Iruñeko kaleetara atera ziren Lurraren defentsan, kriminalizaziorik ez lemapean. Aroztegiko auziaren karietara epaitzear zeuden Baztango zazpi auziperatuak babesteko antolatu zen manifestaldi hura. Akusazioa ez zen edonolakoa: talde kriminala izateagatik kartzela zigorra eskatu zuen akusazioak, Palacio de Aroztegia SL-k. Zazpi horiek ez ziren soilik zazpi, beren lurra defendatu eta babesteko eskubidea duen herri oso baten ordezkariak baizik, Aroztegiko Elkartasun Komiteak nabarmendu zuen gisan. Epaiaren ebazpenak talde kriminalaren akusazioa baztertu bazuen ere, isun ekonomikoa mantentzea ebatzi zuen: 62.000 euro, orotara. Manifestaldi hartatik urtebetera, zigor ekonomikoari aurre egin ahal izateko kanpaina abiatu du orain Aroztegiko Elkartasun Komiteak.
Helburua, Urko Gartzia komiteko kideak argitu digun moduan, 70.000 euro biltzea da, zigorrak eta honek dakartzan bestelako gastuei aurre egiteko. Horretarako, kontu korronte bat ireki dute: ES8230350136371360022868. Ekarpen ekonomikoez gain, "herriz herri eta auzoz auzo" diru-bilketa ekimenak antolatzeko deialdia ere egin dute, elkartasunak beharrezkoa izaten jarraitzen duelako: "Aroztegiko elkartasun uholdeari esker gauzak lortu dira, tartean auziperatuen kartzela zigorra saihestea horri esker lortu da".