Uroeskualdeak datozen urteetan babestuko dituen mugaz gaindiko hainbat proiektu aurkeztu zituzten ostiralean Ficoban egindako ekitaldian. Ekimen horiek guztiak Interreg POCTEFA programaren baitan garatuko dira; Europar Batasunak Pirinioetako bi aldeetako lurraldeen arteko lankidetza indartzeko sortutako egitasmoan, hain zuzen. Programaren xede nagusia da mugaren alde banatan bizi diren herritarrentzat onura zehatzak sortzea, besteak beste enplegua, mugikortasuna eta eleaniztasuna sustatuz. Testuinguru horretan, hainbat proiektu hautatu dituzte: Lanean, Hezhi, Mugaziklo, Transfermugi, Eusguneak eta Sarebide.
Azken horrek arreta berezia erakarri du, euskarazko komunikabideen arteko lankidetza sendotzea duelako ardatz. Sarebide proiektuak hainbat hedabide biltzen ditu: Euskalerria Irratia, Berria, Kanaldude, Hamaika TB, Elhuyar eta Euskal Irratiak. Helburua da euskarazko komunikabideen eraldaketa digitala bultzatzea, tresna teknologiko partekatuen bidez.
2025etik 2028ra bitartean, edukiak sortu, kudeatu eta zabaltzeko baliabide berriak garatuko dituzte, adimen artifiziala barne. Horren bidez, euskarazko edukien irisgarritasuna handitu nahi dute, formatu eta kanal berriak sortuz eta mugaz gaindiko lankidetza-sare sendo eta iraunkor bat eratuz.
Pello Urzelai BERRIAko kideak azaldu duenez, Sarebideren barruan ikus-entzunezko plataforma bateratu bat sortzea ere aurreikusten da. Ekimenaren helburua ez da soilik beste hedabideekin lehiakorragoak izatea edo edukien kalitatea hobetzea, baizik eta euskarazko komunikabideak elkarren artean sarean antolatzea. Ideia horretatik bertatik sortu da, hain zuzen, Sarebide izena.