Gure herriko festa eta ospakizunetan ezinbesteko soinua da gaitarena. Baina Nafarroan arautu gabe dago. Musika eskoletan irakasten den arren, ez dago titulua ateratzeko aukerarik edota irakasle titulua lortzerik. Hezkuntza sisteman txertatzeko beharraz ohartarazi dute musika-maisu, aditu eta gaitariek.
Nafarroan bost tituludun baino ez daude, 54 urteko gazteena, titulua Bartzelonan lortu zutenak. Gradu profesionala Katalunian ematen da 27 kontserbatoriotan, Gaztela eta Leonen batean, eta Valentzian 9-10ean, komunitate horietan “arautu egin zutelako, kontserbatorioetan sartu zutelako eta orain guztien maila musikala apartekoa delako", dio Amaiur Guindeo gaitariak.
Gaita kontserbatorioan ikastea eskatzen dute. Zehazki, hurrengo ikasturtetik aurrera gradu profesionalean eskaintzea eta aurrerago goi graduan. Horretarako eskari zuzena egin diote Hezkuntza kontseilariari: Nafarroan zein musika instrumentu ikasi daitezkeen arautzen duen dekretua aldatzea, gaita musika espezialitate bezala txertatua izan dadin eta bestetik, kontserbatoriora sartzeko frogak arautzen dituen dekretua ere aldatzea. Eta bi dekretuak batera aldatzeko beharra dagoela azpimarratu dute, hurrengo ikasturtetik aurrera gradu profesionalean ikasi ahal izateko.
2022an jada luzatu zioten proposamena Gimenok zuzentzen duen departamentuari baina orain arte ez dute baiezkorik jaso. Aste honetan parlamentuan egon da gaitari talde bat eta alderdi politiko guztien babesa jaso dute. Orain borondatea erakustea baino, neurriak hartzea eskatzen diote Nafarroako Gobernuari, gaita berritua eta kalitatezkoa izan dadin aurrerantzean.
Metropoli Forala saioan Amaiur Guindeo gaitaria elkarrizketatu dugu.