Edurne Abaigar (GKS): “Faxismotik ez gaude salbu, gero eta gertuago dugu”

Euskalerria Irratia 2026ko urtarrilaren 29a

Urtarrilaren 31rako manifestaziora deitu du GKS gazte antolakundeak, Bilbon eta Iruñean, faxismoaren eta estatu autoritarioen aurka. Antolatzaileen erranetan, «mobilizazioa ez da helmuga bat», baizik eta «datozen hilabeteetan borroka antifaxista garatzeko abiapuntua».

Faxismoari aurre egin, eta karrikak hartzeko deia luzatu du Gazte Koordinadora Sozialistak. Iruñean ez ezik, Bilbon ere mobilizatuko da gazte antolakunde komunista, datozen hilabeteetan garatzen segituko duten borroka antifaxista sendotzeko eta Euskal Herrian «ultra-eskuina geldiarazteko gai izanen den euste horma eraikitzeko». 

Edurne Abaigar GKSko bozeramailearen erranetan, «agerikoa da alderdi faxisten gorakada Europan, bai ordezkaritza instituzionalean, bai sare sozialetan duten indarrean, eta baita karriketan erakusten duten bortizkerian ere». Testuinguru horren aitzinean, gazteek antolatzea «baitezpadakotzat» jo dute, «jarrera arrazistak, matxistak eta autoritarioak hauspotu dituen oldarraldi erreakzionarioari» aurre egiteko.

Abaigarrek ohartarazi du «faxismoa ez dela fenomeno iragankor bat». Haren esanetan, Mendebaldeko oligarkiek estatu autoritarioen aldeko apustua egiten dute, langileen bizi-baldintzak okertuz eta poliziaren errepresioa areagotuz, besteak beste. GKS Gazte Koordinakundeak jakinarazi du mobilizazio hau ez dela ekimen bakarra izanen, eta datozen hilabeteetan bestelako jarduera antifaxistak ere garatuko dituztela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!