Opor garaietan guraso askok ezin dute haien euskara klaseak umeen zaintzarekin uztartu. Helburu horrekin jaio zen joan den urtean Familia Egonaldia euskarazko ekimen ibiltaria. Plazarak, Uda Lekuk, Ebetek, Dindaiak eta AEK-k elkarlanean bultzatu dute.
Sei egunetan, familiek aukera izango dute haien euskara hobetzeko eta familia hizkuntza ohiturak aldatzeko. Horrekin batera, Euskal Herriko txoko desberdinak ezagutuko dituzte, euskararen eta euskal kulturaren bidez.
Goizez, klaseak izango dituzte helduek, umeek jarduerak egiten dituzten bitartean. Arratsaldean berriz, familia guztiarentzako jarduerak antolatuko dira. Horietako batzuk, publiko zabalari irekitako animazioak izango dira.
Iparralde eta Hegoaldeko familiak uztartuko dira antolatutako bi txandetan. Apirilaren 5etik 11ra Gotainetik Arantzarako bidea egingo dute familiek. Hobekuntza barnetegia izango da, B1 eta B2 mailetan dauden helduentzat. Apirilaren 13tik 18ra arte Arbonatik Bakaikurako bidea egingo dute, A2 maila duten gurasoentzat, erdi mailako ikastaldia izango delarik. Eta azkenik, uztailaren 20tik 25era Euskal Herritik barna ibiliko diren familia euskaldunentzako egonaldia antolatu dute, B1 eta B2 mailakoentzat.
3 eta 12 urte bitarteko haurrekin hartu dezakete parte familiek. Aste bakoitzaren prezioa 300 eta 650 euro artekoa izango da, egonaldiaren eta seme-alaben kopuruaren arabera. Prezioaren barruan daude garraioa, bazkari eta afariak, lo tokia, jarduerak, klaseak, animazioa eta materiala.
Izena emateko epea urtarrilaren 30a arte egongo da irekita. Informazio guztia www.plazara.eus webgunean aurkituko duzue.
Irrintzi Plaza saioan Esther Lakasta, Dindaia Fundazioko koordinatzailea elkarrizketatu dugu Familia Egonaldiko informazio guztia jasotzeko.