GIZALABAK

Nellie Bly, aldarrikatu beharreko kazetaritza erreferentea

Euskalerria Irratia 2026ko urtarrilaren 27a

Kazetari nekaezina izan zen Nellie Bly, baina ez zuen behar haina onarpen izan. Bakarne Atxukarrok bere biografia berreskuratu du Gizalabak sekzioaren atal berrian

Elizabeth Cochran Seaman,  Nellie Bly izenez ezagunagoa, Ameriketako Estatu Batuetan  jaio zen 1864an, Pensylvanian, eta 1922ko urtarrilaren 27an zendu zen; beraz, gaurko egunez, duela 96 urte.  Gaztetan, kazetaritza ikasteko  izena eman zuen unibertsitatean, baina utzi behar izan zuen diru faltagatik. 

Behin, bere herriko egunkarira “Zuzendariari gutuna” bidali zuen izengoiti batekin. Zuzendaria liluraturik geratu zen eskutitzaren mailagatik, eta anonimoa zen idazlea berarekin harremanetan jartzeko iragarki bat plazaratu zuen egunkarian. Horren eraginez, Elizabethek, lan bila baitzebilen, zuzendariarekin hitz egin zuen, eta segituan  kazetari lanean hasi zen.

Zuzendariak berak Nellie Bly izengoitia erabiltzera bultzatu zuen, Stephen Foster konpositorearen izen hori zeukan abestiaren omenez. (Konpositore horrek “Oh, Susana” abestia ere idatzi zuen). Elizabetehek onartu zuen, eta geroztik bere artikulu guztiak Nellie Bly izenpean kaleratu zituen.

Hainbat ikerketa-artikulu idatzi ostean, emakumeentzako sailera bideratu zuen zuzendariak. Hori ez zitzaion batere gustatu. Horregatik, egunkaria utzi, eta New Yorkera joan zen bizitzera. Han Joseph Pulitzerren egunkarian hasi zen lanean. Pulitzerrek eginarazi zion lehenengo lana emakumeentzako asilo psikiatrikoari buruzko artikulu bat idaztea  izan zen.

Artikulua idazteko, eritasun mental bat zuela itxurak eginda, erietxe psikiatriko batean sar zezaten lortu zuen. Hamar egunean erietxeko  egoera onartezina sufritu ondoren,  bizipenak egunkarian azaldu zituen. Kasua epaitegietara iritsi zen, eta erietxeko  kondizioak hobetzea erabaki zutenean, kazetariaren gomendioak aintzat hartu zituzten.

Horrelako kazetaritza, ezkutuko kazetaritza zena, bere estilo berezi bihurtu zen; baita ordura arte gizonek bakarrik egiten zituzten proiektuei ekitea ere.

1890ean, Nellie Blyk Julio Verneren Phileas Fogg pertsonaiaren bidaia errepikatu nahi izan zuen, munduari 80 egunean bira osoa ematea, hain zuzen. Eta horrela adierazi zien egunkariko arduradunei.

Haiek ez zuten oso garbi ikusten, emakume batek ezin zuelako bakarrik bidaiatu eta, gainera, ekipaje gehiegi beharko zuelako. Hori entzunda, Nelliek esan zien gizon bati emateko proiektua, beste egunkari batentzat egingo baitzuen berak. Hitz haiek nahikoak izan ziren baietza lortzeko.

Urte bat geroago New Yorketik atera zen. Berak ez zekien baina konpetentziako beste egunkari batek Elizabeth Bisland  kazetaria  bidali zuen, Phileas Foggen eta gure Nelly Blyen marka hobetzeko.

Baina ez zuen lortu, gure Nellyk fikziozko balentria hobetu egin baitzuen, eta Foggek baino zazpi egun gutxiago behar izan baitzituen planeta inguratzeko.

Bidaian zehar kronikak bidali zituen, Julio Verne ezagutu zuen, eta hamaika abentura bizi izan zituen. Bere izena ospetsua egin zen.

Handik bost urtetara, Robert Seaman aberatsarekin ezkondu zen, eta, aldi berean, kazetaritzatik urrundu zen. 9 urte eman zituzten elkarrekin, senarra hil arte. Eta hori gertatu zenean, senarraren enpresaren zuzendaritza hartu zuen, eta horietan osasun-erreformak egin zituen, ordutegiak aldatu zituen, eta soldata bidezkoagoak  ezarri zituen. Langileak oso kontent zeuden berarekin.

Tamalez, enpresak porrot egin zuen, eta, horren ondorioz, Nellyk kazetaritzara bueltatu behar izan zuen berriro ere. Orduan, New Yorkeko Evening Journal egunkarian idazten hasi zen.

Emakumeen sufragioaren aldeko 1913ko konbentzioaren  berri eman zuen.

Beste alde batetik, Europara bidaiatu zuen Lehen Mundu Gerran, eta  berriemaile gisa jardun zuen ekialdeko frontetik. Hori zela eta, gerrako lehen emakume korrespontsaletako bat bihurtu zen.

Nelly Bly 57 urterekin hil zen, pneumoniak jota. 1929an hil zen beste kazetari ospetsu baten hilerri berean dago lurperatuta: Elizabeth Bisland,  Blyrekin munduari bira emateko lehian aritu zena, alegia.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!