Gizonezkoen Lehen Mailan, Osasunak oraindik ez zekien zer zen denboraldi honetan etxetik kanpo irabaztea. Lehen itzuli osoan, bi puntu eskas batu zituen Sadarretik urrun jokaturiko partidetan. Bada, Rayoren zelaian, mamuak behingoz uxatzea lortu zuen Alessio Liscik zuzenduriko taldeak.
Garaipena, Oviedoren aurka bezala, luzapenean iritsi zitzaien gorritxoei, eta Victor Muñoz protagonista izanik. Kataluniarra gorritxorik erabakigarriena izan zen: aztoratu egin zituen Rayoren atzelariak, eta artelana gauzatu zuen Osasunaren bigarren golean.
Gol hori 91. minutuan iritsi zen. Lehenago, nafarrek ohiko gorabeherak izan zituzten partidan zehar. Lehen zatian oso txukun aritu ziren, eta aurrea hartu zuten markagailuan, Budimirren eskutik. Atsedenaren ondoren, partida kontrolpean zutela zirudien, baina banako gola egin zien Pathe Cissek.
Hortik aurrera, amiltzeko arriskuan izan zen Osasuna, baina nola edo hala, eutsi egin zion orekari; baita sinesmenari ere. Hori horrela, behin luzapenean sartuta, Victorrek garaipena gerturatu, eta Osanbelak ziurtatu egin zuen. Osasunak jarraipena eman zion bolada onari, eta bederatzigarren amaitu du asteburua.
Emakumeek ere arindu handia hartu zuten, bost jardunaldi geroago irabazteko gai izan baitziren. Josu Dominguezek zuzenduriko taldea 1-3 nagusitu zitzaion sailkapenaren beheko aldean dagoen Cacereñori. Gorritxoen lehen bi golek Ana Urzainkiren sinadura izan zuten, eta luzapenean, Nora De Torresek erabakita utzi zuen partida. Hurrena Betis hartuko dute etxean.
Hori guztia aztergai Kirolerriko Osasun-etxean.