Kirolerria

Madarikazioak indarrean darrai

Eñaut Agirrebengoa 2026ko urtarrilaren 12a

Lehen itzulia amaitu da gizonezkoen Lehen Mailan, eta Osasunak bi puntu besterik ez ditu bildu bisitari bezala. Larunbatean Gironari egin zion bisita, eta gehiago merezi arren, esku hutsik geratu zen (1-0)

Agerikoa da hobera egin duela Alessio Lisciren taldeak, eta horren erakusgarri izan zen Montilivin jokatu zuen neurketa. Iruñetik urrun orain arte ikusi gabeko kalitatea eta ausardia izan zuen baloiarekin, eta sarri izan zen Gironaren atea zulatzear. Guztira hamabi jaurtiketa egin zituen, baina bakar bat ere ez zutoin artera. Zehaztasun falta larrutik ordaindu zuten gorritxoek; Budimir ez zen inspiratuta egon, eta langa ere etsai izan zuen Nafarroako taldeak.

Gironak, kontrara, hortz zorrotzagoak izan zituen, eta kosk egin zuen 44. minutuan, Vanatek sarturiko golari esker. Ukrainarrak dotore amaitu zuen Alex Morenok area barruan egindako jokaldia. Osasunak ez zuen ondo defendatu, eta kolpea jasota iritsi zen atsedenera. Eta neurketa amaieran, kolpea jaso zuena, Aimar Oroz izan zen, Lass Kourouma oldartu egin zitzaiolako. Gironak, hartara, jokalari bat gutxiagorekin bukatu zuen partida, baina baita hiru punturekin ere.  

Gauzak hala, lanen erdietara hamabosgarren iritsi da Osasuna. 19 puntu bildu ditu orain arte, eta jaitsiera postuak bi puntu eskasera dauzka. Ligan, Oviedo izango da gorritxoen hurrengo aurkaria, eta Kopan, Realari bisitan joango zaizkio bihar.

Emakumeen taldea ere saririk gabe geratu zen Iruñetik at; Real Madril Bren zelaian jokatu zuen atzo, eta zuriak 2-0 gailendu zitzaizkion. Ia hilabete igaro dute lehiatu gabe Iosu Dominguezenek, eta itzulera ez da esperotakoa izan.

Gorritxoek lau partida daramate irabazi gabe, eta galdu egin dituzte azken hirurak. Horren ondorioz, zortzigarren posturaino egin dute atzera sailkapenean, eta zalantzaz iritsiko dira igandean Tenerife Bren aurka jokatuko duten norgehiagokara.

Horren guztiaren inguruan mintzatu gara Kirolerria saioko Osasun-etxean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!