51 minutu pasa eta 1.995 aizkorakada behar izan zituen Iker Vicente nafarrak, 54 ontzako 14 kanaerdiko eta 72 ontzako lau oinbiko enbor mozteko. Otsagabiarrak Eneko Otaño garaitu du larunbat honetan Tolosan jokatu duten apustu historikoan, 1.200 ikusle sutsuren aitzinean.
Bi enborreko desabantaila edukita ere, otsagabiarrak bi minutu eta 21 segundoko aldea atera zion Eneko Otaño Gipuzkoako txapeldunari. Beizamako aizkolariak lana bikain burutu zuen, eta garaipena ez zion erraz eman Otsagabiakoari.
Vicentek 19 minutu eta 52 segundo behar izan zituen lau oinbiko enbor horiek bi txandatan pitzeko. Otañok, berriz, lau oinbikoak jarraian moztea erabaki zuen eta 25 minutu eta 29 segundo behar izan zituen. Bi aizkolariek erdizka eraman zuten egur sorta, eta Vicentek ekarritako oinbikoak bereziki gogorrak izan ziren. Aizkolari gipuzkoarrak aitortu zuenez, hirugarren oinbikoa pitzatu ezinean, ikusi zuen garaipenaren aukerak ihes egiten ziotela. Otsagabiarrak, ordea, eskarmentu handiagoa zuen, Eratsun herritik ekarritako egur gogor horiek zartatuz.
Iker Vicentek, Euskal Herriko lau aizkolari txapelketa eta Nafarroako hamaika irabazteaz gain, lehen jokatutako lau desafioetan ere garaile atera da Arria V.aren, Mikel Larrañagaren eta Julen Alberdiren kontra. Orain, Eneko Otaño ere gehitu du zerrendara, aurkariari lehen aldiz abantaila eskainiz.