Mikel Mundiñano: "Ezin zaie gehiago luzatu salbuespenezko egoera euskal preso politikoei"

Euskalerria Irratia 2026ko urtarrilaren 5a

Euskal presoen aldeko Sare Herritarrak salbuespenezko espetxe politikak oraindik indarrean daudela salatuko du Bilboko manifestazio handian, urtarrilaren 10ean. Aurtengo  leloa hauxe izango da: Ezin da gehiago luzatu - Ezin da gehiago itxaron. "Egunak joan, egunak etorri sufrimendua eta eskubide urraketak pilatzen jarraitzen dugu". Hala esan digu Sare elkarteko kide Mikel Mundiñanok Metropoli Forala saioan. Bide batez gogora ekarri nahi izan du "ia hiru urte igaro direla hainbeste sufrimendu eragin duen urruntze politikari amaiera eman zitzaionetik; hiru urte, halaber, espetxeko zigorrak lehen graduan edo isolamendu ziegetan betetzeari utzi zitzaionetik"

Mikel Mundiñanok azaldu duenez "benetan demokratikoa izan nahi duen gizarte batek ezin die bizkarra eman haien bizitzak berregin nahi dituzten preso, deportatu edo ihesean dauden pertsonen eskubideei". Sareko kideak, amaierako konponbide esparru baten alde lan egiten jarraituko dutela nabarmendu du: "espetxe politika arrunta aplikatuz, euskal preso guztiek askatasuna berreskuratuko dute". Azkenik, manifestazioaren bezperetan alde orotariko gatazkaren biktimak gogora ekarri nahi izan ditu Mikel Mundiñanok.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!