Lanbide Heziketako ikasketetan arrakasta izan duten ikasleen ehunekoari begira, Nafarroak estatu mailako txapela jantzi du. Izan ere, Espainiako Hezkuntza Ministerioak argitaratutako azken estatistikaren arabera, Nafarroa da Lanbide Heziketan ikasle gutxien galtzen dituen erkidegoa, eta, aldi berean, titulazio tasa altuenak dituena.
2019-2020 ikasturtean erdi mailako LHko ziklo bat hasi zuten ikasleen %78,4k titulua erdietsi du lau urtean. Eta oinarrizko LHn, ehunekoa %69,8 da. Bi kasuotan, estatu osoko daturik onenak dira hauek. Goi mailako Lanbide Heziketara begiraturik ere, Nafarroa lau erkidego onenen artean kokatzen da, ikasleen %80,4k erdietsi baitu titulua lau urteren buruan. Aitzinean, soilik EAE, Andaluzia eta Extremadura ditu.
Baina datu horien gibelean beste gako bat ere bada: ikasleek ez dute bi urteko zikloa eteten. Oinarrizko LHko ikasleen %57ak aurreikusitako denboran bertan amaitzen dituzte ikasketak. Atera kontuak: estatuko batez bestekoa %45ekoa da, eta Madrilekoa %30 ingurukoa. Abandonuari dagokionez, aldiz, datuak oso argiak dira: Nafarroa da ikasle gutxien galtzen dituen erkidegoa. Matrikulatutako ikasleen %13k bakarrik uzten du ikasketa lehenengo urtetik bigarrenera pasatzean (erdi mailako zikloetan are txikiagoa da, %11,8koa hain zuzen), eta lau urteko jarraipena eginda, Nafarroan %25,4 da titulua lortu ez duen eta matrikulatuta agertzen ez den ikasleria.
Oinarrizko zikloa bururatzen duten ikasleen artean, %63,4k baino gehiagok erdi mailara egiten du jauzi, Estatuko batez bestekoa %49,9tik behera delarik. Eta ez hori bakarrik. Izan ere, erdi mailatik goi mailara ere ikus daiteke joera hau. Oro har, hamar ikasletik zortzik hasten baitu goi mailako ziklo bat.
Generoari dagokionez, pare bat ñabardura aipa ditzakegu. Oinarrizko LHn, gizonezkoen artean da titulazio maila altuena. Haatik, erdi mailako eta goi mailako zikloetan emakumezkoak dira nagusi.