Osasuna 1 - Athletic 1

Abiapuntu egokia

Euskalerria Irratia 2026ko urtarrilaren 5a

Urteko lehen partidan puntu baliotsua lortu zuen Osasunak, Athleticen aurka berdinduta (1-1). Lehen zatian aurrea hartu zuten gorritxoek, Ruben Garciaren gol ikusgarri bati esker, baina Gorka Guruzetak ezerezean utzi zuen Sadar mukuru bete zuten zaleen bozkarioa.

Osasunak, nolanahi ere, pozik egoteko moduko neurketa osatu zuen. Lehen zatian, zuri-gorriak baino gehiago izan zen, harmailetan zirrara eragiten duen jokoa plazaratuta. Erritmoa eta presioa izan ziren jardunaldien joanean hazten ari den taldearen berezigarriak. Gauzak hala, lan onaren saria izan zen Ruben Garciak 34. minutuan faltaz sartu zuen gola. Unai Simon atezainaren kokapen txarra baliatuz, valentziarrak tokitatik sareratu zuen baloia.

Atsedena ate joka zela, Athletic berpiztu egin zen, eta hortik aurrera, jo eta ke aritu ziren bizkaitarrak. Torrok gertu izan zuen 2-0ekoa Osasunarentzat, eta hortik gutxira iritsi zen Athleticen berdinketa. Osasunaren harresiak izan zuen pitzadura bakarretakoa izan zen. Gainontzean, oso itxura sendoa eman zuten gorritxoek, besteak beste, Herrando eta Catenaren sostenguari esker. Eta Javi Galan debutariak ere azpimarratzeko moduko neurketa jokatu zuen.

Puntua ona da, eta are hobea izango da gorritxoak larunbat honetan Gironaren zelaian nagusitzen badira. Gauzak benetan estu daude sailkapenean, eta hurrengo partidetan jakingo da Osasunak sufritu egin beharko duen, edo helburua berriz ere lasaitasunez lortzeko moduan izango den. 18. jardunaldiaren ondoren, 12.a da sailkapenean, jaitsieratik hiru puntura.

Emakumeen taldeak, berriz, ez du partidarik eduki; igandean itzuliko da lehiara, Real Madril B-ren aurka. 2025eko azken hiru partidetan ezin izan zuen garaipenik lortu, eta zazpigarren postuan finitu zuen urtea.

Hori guztia mintzagai Kirolerriko Osasun-etxean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!