Ez da estruktura narratibo klasikoa duen eleberri bat. Ez da formari eta estetikari kasurik egiten ez dion ariketa literario bat. Ez da hizkuntzaren arauetara zurrun lotzen den idazki bat. Ez da beste istorio heteronormatibo bat. Beste zerbait da Beste zerbait, Danele Sarriugarteren azken eleberria. "Liburuak bide moduko bat egiten du", kontatu digu egileak. "Bide horretan kontatzen da egitura sozial batekiko deserosotasun batzuk nolakoak izan diren eta horrek sortzen dituen estutasun batzuk, era bateko indarkeria batzuk, mugatzearen ondorioz sortutako indarkeriak, batez ere. Eta baita erresistentziaren eta erresistentzia hori aurkitzearen bidea".
Sarriugarteren hirugarren eleberrian, heteroheziketek utzitako zaurietatik abiatu da egilea, harreman logika berrien bila, genealogia kuirrak eta nortasun txirikordatuak oinarri hartuta: "Sentitzen nuen kontatzea pendiente nuen gauza bat zela. Heteroheziketa bai, eta baita ere garai jakin baten kontaketa bat, herri mota jakin bateko bizitza molde bat. Ez nuen herri bakar batean kokatu nahi, ez zaidalako herri bakar bateko kontua denik iruditzen. Hainbat ardatzengatik zeharkatutako herri egitura batetako kontua da, eta ardatz horietako bat heteronormatibitatearena da".
Beste zerbait hobeki ezagutu nahi duenak gaur bertan izanen du horretarako parada, idazlea Katakraken izanen baita liburuaren bueltan solastatzen, arratsaldeko 19:00etan.