Aurtengo udazkenean, Euskarabideak bertsolaritza jarduerak antolatu ditu Nafarroako sei zahar etxetan. Jarduerak urrian eta azaroan egin dira. Guztira sei saio izan dira, eta honako egoitza eta zentro hauetan egin dira: Lesakako Andra Mari egoitzan, Berako San Jose egoitzan, Baztango Francisco Joaquín Iriarte egoitzan, Beteluko Amma egoitzan, Lekunberriko Larraun eguneko zentroan eta Altsasuko Aita Barandiaran egoitzan.
Euskarabidearen eginkizunetako bat euskarazko jarduerak antolatzea eta hizkuntza sustatzea da. Aurten, lehen aldiz, bertsolaritza adinekoen egoitzetara luzatu du bere ekinbidea. Helburua izan da egoiliarrei euskarazko jarduera ludiko bat eskaintzea, bertsoek adinekoen ongizate psiko-emozionalean duten eragin baikorra kontuan hartuta.
Programa Lanku Bertso Zerbitzuak erakundeak garatu du. Egoitza bakoitzera bi bertsolari joan dira, adin eta genero desberdinetakoak. Parte hartu duten bertsolariak hauek izan dira: Estitxu Arozena eta Kattin Madariaga Lesakan; Julen Zelaieta eta Ekhiñe Zapiain Beran; Alazne Untxalo Elizondon; Julio Soto eta Eli Mateorena Betelun; Julio Soto eta Kattalin Lizarraga Lekunberrin; eta Eneko Lazkoz eta Ekain Alegre Altsasun.
Bertsolaritza, oroitzapen eta alaitasun pizgarri
Proiektuak 7.736,76 euroko kostua izan du, Lanku Bertso Zerbitzuak entitatearekin sinatutako kontratu publiko baten bidez. Programaren ebaluazioan azpimarratu denez, bertso saioek adinekoen ongizate psikologikoa hobetu dute, bai ikuspegi kognitibotik, bai afektibotik. Saioetan zehar, egoiliarrek aspaldiko bertsoak eta bizipenak gogoratu dituzte, memoria landuz. Era berean, bertsoek emozioei tokia eman diete, tristura egoerak saihestuz eta irribarreak, barreak eta emozio positiboak sortuz. Jarduerek aukera eman diete adinekoei beren haurtzaroa eta gaztaroa gogoratzeko.
Ikuspegi ludikotik, bertso saioek parte-hartzea bultzatu dute, eta egoiliarrak, bereziki euskaldunak, protagonista bihurtu dira: kantuan, hizketan eta bertsolariei gaiak proposatzen aritu dira.