Nafarroak mugaz gaindiko lankidetza berritu du Pirinio Atlantikoekin

Inhar Iraizotz Errekalde 2025eko abenduaren 30a

Iruñean egin dute ituna 2028ra luzatzeko ekitaldia. Mugaz bi aldeetako herritarrentzat «hobekuntza praktikoak lortzeko eta Europaren gizarte zein lurralde kohesioa bultzatzeko aukera» dela defendatu dute Lasserrek eta Ollok. 

Nafarroako Jauregian egin dute astearte honetan Nafarroako Gobernuaren eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren arteko lankidetza hitzarmena berritzeko ekitaldia. Bertan izan dira Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kanpo ekintzako lehendakari-ordea eta Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako presidentea. Departamendu horrek Ipar Euskal Herria eta Biarno biltzen ditu, eta 160 kilometroko muga partekatzen du Nafarroa Garaiarekin. Hori dela eta, bi lurraldeetako administrazioek duela 25 urte hartu zuten elkarlanerako konpromisoa.

Ana Ollok azpimarratu duenez, «muga ez da oztopo bat izan behar, aukera bat baizik». Haren hitzetan, Nafarroak esperientzia luzea du mugaren bi aldeetako herrien arteko lankidetzan, bai iraganean bai gaur egun ere, hainbat egituraren bidez, hala nola Euroeskualdea, Pirinioetako Lan Elkartea edo Nafarroaren eta Pirinio Atlantikoen arteko aldebiko akordioa. «Etorkizunean ere lankidetza hori indartu beharko da beste esparru batzuetan, Makroeskualdean, adibidez», gaineratu du.

Sei lan lerroko hitzarmena

Gaur egun, sei ardatz estrategikoren inguruan ari dira lanean bi administrazioak, hala nola mugikortasuna hobetzeko, larrialdien kudeaketan, turismoaren garapenean, trantsizio ekologikoan eta eleaniztasunaren sustapenean. Mugak sortzen dituen oztopo funtzionalak gainditzeaz gain, hiritartasunari zuzendutako lan ildoa ere nabarmendu dute. Ardatz horren barrenean sartzen dira memoria historikoa, funts dokumentalak, diaspora, kirola, hizkuntza aniztasuna eta euskara.

Bestalde, Ana Ollo lehendakari-ordeak adierazi duenez, «inoiz baino garrantzitsuagoa da Europako eskualdeen arteko aliantzak sustatzea», bereziki, gorabidean diren potentzien indartze ekonomikoaren aitzinean, baita Europar Batasunak bizi dituen barne erronken aitzinean ere.

Ekitaldian parte hartu du, halaber, Jean-Pierre Mirande Pirinio Atlantikoetako mugaz gaindiko harremanen eta euskal mendiaren kontseilariak. Haren erranetan, «insertzioaren, enpleguaren eta laborantzaren alorretan lan handia dago egiteko», eta azpimarratu du «hazkuntzak bizi duen krisi sanitarioaren aitzinean, indarrak batzea baitezpadakoa dela».

Honela, datozen lau urteetarako elkarlanerako konpromisoa berretsi dute bi erakundeek, eta orain arteko lankidetzaren balorazio oso baikorra egin dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!