Gorka Lazkano (Latzen): "Eszenatokian barruak husteko gogoz gaude, publikoa bete dadin"

Miren Mindegia Petrirena 2025eko abenduaren 16a

Bueltan da Latzen. Askoren bizitzaren soinu bandaren parte den Oñatiko heavy metal taldeak 10 kantuz osatutako disko berria plazaratu du 'Denboraren orbainak' izenburupean. Urtarrilaren 3an emanen du biraren lehenengo kontzertua, Atarrabiako Totem aretoan

Naturalki eman den itzulera bat izan da Latzen taldearena. Adinaren, esperientziaren eta musikarako zaletasun zintzoaren egiazkotasunetik emandako urratsa. Hala aitortu digu Gorka Lazkano bateria jotzaileak berak: "Besterik gabe, egun batean etxean nengoen akorde batzuk jotzen, eta Aitorri hotsegin nion. Zer, egingo dugu zerbait, ezta?". Lehen pausua emanda, diskoa osatzea zen hurrengoa. Aspaldian baztertutako abesti batzuk berregin, berri batzuk sortu eta grabaketa estudiora eramatea izan zen ondoren etorri zena. Horretarako Silverstar Studiosera jo zuen taldeak, Iker Bengoarekin. "Berak beste ikuspegi bat eman digu, argi esan zigun: 90eko Latzen horren soinua duten kantuak 2025era ekarri behar ditugu". 

Soinu hori dauka, hartara, hamar kantuz osatu duten Denboraren orbainak diskoak. Oinarria eta izpiritua mantenduz gaurkotu den banda batena. Jarraitzaileak itzulera gogoz zeudela nabarmena da. Izan ere, Euskal Herrian emango dituzten lehenengo kontzertuetarako sarrera guztiak agortu dira ia: bai Atarrabiakoan, baita Bilbon, Gasteizen eta Azpeitian emanen dituztenetakoa; nahiz eta Biarritzeko Atabalen emanen dutenerako oraindik gelditzen diren. Lazkanok, hala ere, kontzertu gehiago emanen dituztela iragarri du gurean. "Eszenatokian dena eman eta hustutzeko gogoz gaude, gure publikoa bete dadin", adierazi du. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!