KIROLERRIA

Biziraun ostean, garaipenen bila

Eñaut Agirrebengoa 2025eko abenduaren 2a

Osasunak puntu gozoa lortu zuen Mallorcaren zelaian, bi goleko desabantaila irauli eta gero (2-2). Gaur Ebroren kontra jokatuko dute, Kopan, eta datorren astelehenean Levante izango dute aurkari; irabazi beharreko lehiak izango dira gorritxoentzat. 

82. minutua zen Son Moix zelaian, eta Osasuna 2-0 ari zen galtzen Mallorcaren aurka. Ataka oso zailean zeuden jokalari gorritxoak, eta zer esanik ez, Alessio Lisci entrenatzailea. Oso tarte laburrean bi gol egin zizkieten, eta ez zirudien egoerari buelta emateko gai izango zirenik. 

Ordea, beste partida batzuetan ez bezala, nafarrek erreakzio gaitasuna izan zuten. Ez ziren etsiak jota gelditu, eta adorearen eta fedearen bidetik, azken txanpan partida berdintzeko gai izan ziren, Jagoba Arrasateren zoritxarrerako. Bizkaitarren taldeari eskuetatik ihes egin zion garaipenak.  

Larrialdiaren erdian, aldaketa erasokorrak egin zituen Liscik, eta Raul Garcia de Harok faltaz egindako gol batek piztu zuen txinparta. Hortik aurrera, gorritxoak berdinketaren bila abiatu ziren, eta luzapenean jaso zuten saria, Boyomok aurrelariz mozorrotuta sarturiko golari esker.

Lehenago, oso penalti zalantzagarria adierazi zioten kamerundarrari, eta gol salbatzailea baliogabetu egin zioten hasiera batean, ustez jokoz kanpo zegoelako. Epailea oker zebilen, eta Osasunak neurketa zuzendu zuen modu horretan. Azkenean, 2-2. Puntuari esker, jaitsiera postuetatik kanpo jarraitzen dute nafarrek. 

Datorren astelehenean lehia erabakigarria jokatuko dute jaitsiera ekiditeko borrokan, Levanteren aurka, Sadarren (21:00). Horren aurretik, Kopako bigarren kanporaketari dagokion partida jokatuko dute gaur, Ebroren aurka. 

Emakumeen taldeak, berriz, ez du partidarik izan asteburuan; larunbatean itzuliko da lehiara, Alaves liderraren zelaian. 

Horren guztiaren inguruan mintzatu dira Kirolerriko Osasun-etxean. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!