Iraia de la Torre (EHE): "Tokian tokiko borrokak piztu behar ditugu erakundeei hizkuntza-politika ausartagoak eskatzeko"

Miren Mindegia Petrirena 2025eko abenduaren 2a

'Euskaraz bizitzeko, euskararen errepublika' lemapean, manifestaldi nazionala deitu du Euskal Herrian Euskarazek abenduaren 6an Durangon

Estatu independete baten azpiegiturarik gabe euskararen normalizazio osoa erdiestea zaila da. Hala adierazi du Euskal Herrian Euskaraz taldeak eta horixe izanen da datorren abenduaren 6an Durangon eginen den manifestaldi nazionalaren aldarri nagusia. Bien bitartean, Iraia de la Torre EHE-ko kideak azpimarratu bezala, tokian tokiko borrokak piztu, taldeak antolatu eta erakunde publikoei hizkuntza politika ausartagoak eskatzea izanen da gakoa, euskarak "hizkuntza larrialdi" egoera pairatzen duen garaian. 

"Euskaldunon egiturazko zapalkuntzaren arduradun nagusi diren frantziar eta espainiar estatuak uneoro dabiltza euskaraz bizitzeko gure nahia eta eskubidea ukatzen", gehitu du De la Torrek. "Horregatik, orain, hizkuntzaren aldeko mugimendu indartsua abian jartzeak berebiziko garrantzia du". Faxismoa eta jarrera erreakzionarioak indartzen ari diren garaian, hala, nabarmenagoa da euskararen egoera zaurgarria. "Eskubide sozial oro jarri dituzte jo puntuan eta ez, zehazki, aurrera egiteko, atzera eragiteko baizik". 

"Parez pare dugun erronka handia da eta horri aurre egiteko, euskaltzale guztion ekarpena eta inplikazioa ezinbestekoak izango dira: bai maila pertsonalean, bai maila kolektiboan. Norbanako eta eragile sozialetatik haratago baina, berebiziko erantzunkizuna dute erabakiguneetan dauden arduradun politiko eta instituzionalek. Konfiantza osoa dugu euskararen aldeko olatu berria indartzeko kolektiboki dugun indarrean", borobildu dute Euskal Herrian Euskarazetik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!