Aitor Etxarte Berezibar 2020ko abenduaren 20an hil zen Covidaren ondorioz. Izen propio horren atzean dagoen pertsona ezagutzen aritu da ordutik Hedoi Etxarte, haren semea. Zehazki, nor izan zen Aitor aita izan aurretik eta, beraz, nor izan zen aita izan zenean ere? Galdera horri erantzuna emateko aitaren gaztaroko jendeaz inguratu da idazlea. Haiekin izandako solasaldiak, gutunekin, argazki zaharrekin, garaiko prentsako informazioarekin, orduko eta gaurko musika eta iturri askotarikoekin uztartu eta liburu forma eman dio ondoren: Izen baten promesa, Etxarteren lehenengo prosazko liburua, Susa argitaletxearen eskutik datorkiguna.
Etxarte fikzioaren tresnez baliatu da errealitatea oinarri duen nobela bat idazteko. Bertan, asmatutako izenak dituzten pertsonaiek 1970eko hamarkadan bizitakoak kontatzen dituzte. Garai gris baten akaberak lortu zitekeen gizarte berri baten promesa zekarren garaia zen, baina horretarako borrokatu beharra zegoen. "Ia ezezaguna den Iruñea bat agertzen da liburu honetan", azaldu du egileak. "Jendeak beldurrik ez zuen garai bat zen, sinesten zuen horren alde borrokatzekoa, injustiziak salatzeko kalera ateratzekoa, eta hori agertzen da liburuan". Aitaren gaztaroan lagun izan zituenekin kafe artean izandako solasaldiekin elikatu du idazleak liburua. Memoriaren tresna malguak kontraesanak eta azpimarratu dituen arren, esperientziaren eta bizipenaren zantzua da azkenean nagusitu dena. 1970eko hamarkada auzi sozialen, langile borrokaren eta eskubide sozialen aldeko borroken garaia izan bazen, 1980koa "porrotaren konstatazioa izan zen", eta hori ere nabarmentzen da Etxarteren eleberrian.
"Azkenean nik esango nuke asko ez dugula kontatzen da Aitor Etxarteren inguruan", nabarmendu du. "Eta hau oso polita izan da, ze jendeak, bereziki norbait hil berri denean, oso hitz xaloak esaten dizkizu bere inguruan, goxotasunez betetakoak. Baina gero oso zaila da horri kontakizun forma bat ematea, ez bada ekintza zehatz batean zentratuta. Uste dut hori dela liburua duen promesetako bat, badirudiela dela norbaiti buruzko liburua, baina gehiago da bertan agertzen diren pertsonaiek haien buruei, familiei edo militantziei buruz daukaten oroitzapenaren ingurukoa".