Nafarroako Pobreziaren Sareak "ausardia" falta salatu du aurrekontu orokorren aurreproiektuan

Euskalerria Irratia 2025eko azaroaren 21a

Pobreziaren Aurkako Sarea parlamentuan.

Apustu eraldatzailerik ez dutela egin uste du sareak eta horrek eragin duen "murrizketa-sentsazioa" azaleratu dute. Politika publikoen eraginkortasuna aztertzeko beharraz gain, baliabide gehiago eta ausardia eskatu dizkiote exekutiboari.

Pobreziaren eta gizarte bazterketaren kontrako Nafarroako sareak 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Aurreproiektuarekiko balorazioa egin du eta eskasa iruditu zaio. Ez baitu apustu eraldatzailerik proposatzen desparekotasunaren aldeko borrokan.

Aurrekontuen hazkundea “epela” izan dela iritzi diote. Izan ere, Barne Produktu Gordinaren (PIB) igoera argia izan da, %2,4koa, baina, Nafarroan 124.000 pertsona pobrezia edota gizarte bazterketa egoeran bizitzen jarraitzen dute. Gara Gonzalez Pobreziaren Sareko kideak aitortu du, "bultzada falta hori aukera galdu bat da desparekotasunarekin eta pobreziarekin bukatzeko".

Hartara, "hobekuntza ekonomikoak ez du esan nahi pobrezia murrizten ari denik”. Politika publikoaren eraginkortasuna eta norabidea zalantzan jartzera eramaten du horrek. Eta Nafarroako Pobreziaren Sareak uste du aurkeztutako aurrekontuek izaera “jarraikor” bat besterik ez dutela, eta "murrizketa-sentsazioa" deritzona sortzen dutela.

Bazterketa eta pobreziari aurre egiteko borrokaren aldeko konpromisoa eskatu dio sareak Foru Gobernuari. “Ausardia” eta baliabideak eskatu dizkiote exekutiboari “inor ez dela atzean geratuko bermatzeko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!