“Mitoak apurtu nahi ditugu, bapeatzea kaltegarria da eta eragin handia du gure osasunean”

Euskalerria Irratia 2025eko urriaren 29a

“Bapeatzea ez da dirudiena” kanpaina jarri du martxan Osasun Departamentuak. Nerea Alvarez, Osasuna sustatzeko zerbitzu buruak Euskalerria Irratian zigarro elektronikoen arriskuetaz mintzatu da: “Infekzioak, irritazioak eta minbizia eragiten duten sustantziak daude bapeatzaileetan, nikotina, metal astunak…ez dira batere osasungarriak”.

Nafarroako nerabeen %48ak probatu du bapeoa eta 2019tik, neurketak egiten ari direnetik, gorantz doa kontsumoa. Kezkagarria batez ere, neska gazteen artean ematen den kontsumoa. Osasun departamentua, genero ikuspegia kontutan izanen duen prebentzio estrategia aztertzen ari da, fenomenoari erantzuteko.

Kanpaina honen helburuak dira helduen ingurunea ahalduntzea erabaki informatuak sustatzeko funtsezko eragile gisa, bapeatzea kaltegabea delako pertzepzio faltsua haustea eta kontsumoa prebenitzea. Pertzepzio hori indartu egiten dute publizitate engainagarriak, gailuen diseinu erakargarriak, erabiltzen diren zaporeek eta informazio fidagarririk ezak. Testuinguru horretan, kanpainak ebidentzia zientifikoan oinarritutako tresna praktikoak eta mezu argiak eskaintzen ditu:

“Ez da fruta zaporeko lurruna, gehienek substantzia kantzerigenoak dituzte”.

“Ez da jostailu bat. Nerabezaroan bapeatzeak, tabakoarekiko mendekotasun-arriskua areagotzen du”.

“Ez da moda bat soilik. Bilatu informazio fidagarria, dena konta diezazuela”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!