Etxepare sariaren irabazle 'Orkestra zooragarria' albuma plazaratu du Pamielak

Miren Mindegia Petrirena 2025eko urriaren 28a

Gotzone Butron idazlearen eta Aitziber Raya ilustratzailearen haurrentzako album ilustratuak musika klasikoa eta umorea uztartzen ditu

Dagoeneko gauzatu da. Nafarroako 16 toki-entitatek antolatzen duten Etxepare saria irabazi ondoren, Gotzone Butron idazleak eta Aitziber Raya ilustratzaileak sortutako Orkestra zooragarria haurrentzako album ilustratua plazaratu berri du Pamiela argitaletxeak. Egileek adierazi moduan, musika klasiko eta umorea uztartzen dituen kontakizuna da, begiekin naiz belarriekin gozatzekoa. Liburua, izan ere, QR kodeekin lagunduta dator, kontakizunean agertzen diren piezak irakurri ahala entzuteko. 

“Neskato baten istorioa da, musikak eragin dizkion sentimenduak kontatzen duena”, zehaztu zuen ilustratzaileak atzo San Frantzisko liburutegian egindako aurkezpenean,“ama soprano baten istorioa da, bere kantu indarrarekin besteak ukitzeko gai dena;hiru animaliren istorioa da, musika klasikoak sortzen dituen zirrarak txunditzen dituena. Baina, batez ere, orkestra baten istorioa da. Bakoitzak bere istorioa alde batera utzita, elkarrekin gauza berri bat sortzeko gai direla ikusten dutenak”. 

Butronek nabarmendu bezala, jende askoren elkarlanari esker argitaratu da liburua, “eta orain bere bidea egiteko txanda iritsi zaio”. Etxepare sariketaren epaimahai-kide lanetan aritu diren Idoia Sobrinok eta Patxi Zubizarretak lanaren kalitatea nabarmendu zuten, baita irudiaren eta testuaren arteko bateratasuna eta proposamenaren originaltasuna ere. “Gozatu:agian horixe da albuma ongien deskribatzen duen aditza, funtsean, egileek testu-ilustrazio eder eta bihurrien bitartez, orekan eta harmonian, horixe eskaintzen digutelako:gozamena”.   “Hasieratik ikusi genuen testuak musikaren alorra lantzen duelako, baina pilula-liburu bat izan gabe”, gehitu zuen Sobrinok. 

Bi hamarkadako bidea

Iruñeko Udaleko Parte-hartze eta Euskara zinegotzi Aitziber Campionek Etxepare sariaren ibilbidea gogoratu zuen. Nafarroako 16 toki-entitatek haien euskara zerbitzuen bitartez antolatuta, Pamiela argitaletxearen eta Galtzagorri elkartearen laguntzarekin eta Nafarroako Gobernuko Euskarabideak babestuta, helburua euskarazko argitalpenen sorkuntza sustatzea da. 

2004an antolatu zen lehenengoz Etxepare sariketa, Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik eta literatur lehiaketen alorrean erreferentziazkoa izanen zen saria sortzeko xedearekin. 2006tik aurrera haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Ordutik hona ia urtero ekarpen berri bat egin dio Etxeparek haurren literaturaren alorrari, Jabi Arakama Euskarabideko zuzendariak nabarmendu bezala, “euskarara lotzeko alor estrategikoa” dena. 

2026ko haurrentzako album ilustratuen Etxepare sariko oinarriak urte hasieran plazaratuko direla iragarri dute antolatzaileek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!