Duela bi urte jarri zuten martxan Mali herrialdeko Djilenfing herrian Amatasuna Zaintzeko Zentro bat. Ordutik, mediku bat, emagin bat, botikaria eta erizaina ari dira osasun zerbitzua eskaintzen. Erditzeak eta erditze ondoak artatzen dituzte. Haurraren lehen urteetako zaintza ere ziurtatzen ahalegintzen dira. 49.000 herritar bizi diren inguru batean sortu zuten zentro hori. Alboan, hainbat herrixka ditu eta bertako biztanleek dituzten bizikleta edo motoetan iristeko ordu zenbaitetako bidea egin behar izaten dute. Anbulantzia Malira egitasmoarekin anbulantzia bat bidali nahi dute Maliko herri horretara, erditzear dauden amei bidea ahalik eta erosoen egin dezaten ziurtatzeko. Proiektuak Mugarik Gabeko Arkitektura Nafarroa taldea ari da mugitzen, Nafarroako suhiltzaile talde batekin batera eta jaioterria Malin duen Younousa Sidibé iruindarrarekin: "Erditzear dagoen emakume bat ezin dugu bertako ibilgailuekin zentrora eraman, bizikleta edo gehienez jota moak dituzte hango bizilagunek, eta anbulantzia ezinbestekoa izanen da bidaiak seguru egin ditzaten".
Diru bilketa kanpaina jarri dute abian Iruñetik Maliraino eramanen duen konboiaren gastua ahalik eta txikien izan dadin: "Bizum bidezko doaintzak egin daitezke 081889 zenbakira edota navarra@asfes.org-ra idatzita informazio guztia eska daiteke. Ekimen honen bidez, hemen erabilgarri ez dagoen anbulantzia bat ondu dute eta 5.000 kilometro baino gehiago eginen ditu, Maliko Djilenfing herriko emakumeen erditzeak seguruagoak izan daitezen. Anbulantzia horrekin batera Afrikako beste herrialde batzuetara bestelako ibilgailuak ere eramanen dituzte Donostiako suhiltzaileen Ekinbide gobernuz kanpoko erakundearekin batera. Azaroaren 10ean aterako dira Afrikara egun batzuen bueltan iristeko.