'Ezberdin Berdinak' proiektua iritsiko da Iruñera

Maialen Huarte Arano 2025eko urriaren 28a

Esperientzia artistiko eta parte-hartzailea, euskal identitate garaikideaz, euskarak eta kulturak gizarte anitz batean duten zereginaz pentsamendu kritikoa sustatzen duen egitasmoa da Ezberdin Berdinak. Eusko Ikaskuntzak sustatua, Iruñeko Udalak, Euskarabideak eta Laboral Kutxak laguntzen dute. Azaroaren 8an izanen da Nafarroako Unibertsitate Publikoko frontoian gozagarri. "Ez da ikuskizun soil bat, publikoak modu batean edo bestean parte hartzen du, emanaldiaren parte izanen da", azaldu du Iñaki Zabaleta Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusiak. 

Ezberdin Berdinak iritsiko da Iruñera azaroaren 8an. Kukai Dantza Taldearekin eta hainbat diziplinatako sortzaileekin saioa eginen dute. Euskarak eta euskal kulturak gizartearen kohesiorako duen paperaren inguruan hausnartzea izanen da xedeetako bat. Publikoa, kasu honetan, ez da ikusle huts izanen, parte hartuko du ikuskizunean. Iñaki Zabaleta Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusia da: "Zer esan nahi du euskaldun izateak gaur? Eta bihar? EzBerdin Berdinak ez da ikuskizun soila: hausnarketa sortzailea baizik. Arteen bidez, emozioa eta pentsamendua uztartzen dira, eta publikoarekin batera gure nortasunaren etorkizuna irudikatzeko gonbidapena da".

Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean aritu dira Iruñeko Udala, Euskarabidea eta Laboral Kutxa, besteak beste. Dantzak izanen du protagonismo berezia, kantuarekin, musikarekin eta ikus entzunezko formatuan aurkeztuko diren proposamenekin eginen du bat. Hausnarketa eta sormena, dantza eta hitza tartekatuko dira. Zuzendari eszenikoa da David Bernues: "Ez da behar sekulako ikuskizuna sortzea hausnarketari paso emateko. Xumea izanen da aurkeztuko dena NUPeko frontoian, baina ez da ikuskizun soil batean geratuko". Ekimen honen bitartez euskararen transmisioa, identitate berrien sorrera, egungo aniztasuna eta kohesioa erdigunera eramaten dira, dantza garaikidea eta tradizionala, musika (txalaparta, elektronika, rap…), bertsolaritza eta antzerkia uztartuz, belaunaldi eta lurraldeen arteko topagune bihurtuz. Emanaldiaren ondoren, parte hartzaile guztiek elkarrekin sortutako emozioak, ideiak eta galderak partekatuko dira hausnarketa sortzaile honen ondorioz.

Azaroaren 8an Nafarroako Unibestirtate Publikoko frontoian ikusleek aukera izanen dute esperientzia horretara hurbiltzeko. Sarrera eta informazio guztia eusko ikaskuntzako webgunean aurki daiteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!