Tenkatuta segitzen du villavesen aferaren sokak: negoziazioak etenda daude

Maialen Huarte Arano 2025eko urriaren 21a

TCC Moventis enpresak jakinarazi berri die lan batzordeko kideei mahai gainean jarritako azken proposamena izanen dela behin betikoa. Langileak ez daude prest hori bere horretan onartzeko eta eskatuak dituzte negoziatzen segitzeko bilerak: Iruñerriko Mankomunitatearekin eta enpresako arduradunekin batzartu nahi dute: "Lan baldintza duinak eskuratzeko hasi genuen ia bederatzi hilabete luzatu den borroka hau", azaldu du Alberto Longas lan batzordeko presidenteak. Iruñeko Udaletxeko plazan egin zuten elkarretaratzea atzo: "Udalak ere badu zeresanik gatazka honetan eta hari ere egiten diogu deia", adierazi dute. 

Ez aurrera, ez atzera. Hala segitzen dute villavesetako langileek euren lan hitzarmenaren negoziazioan. Bilerak eskatuak dituzte: TCC Moventis enpresako ordezkariekin eta Iruñerriko Mankomunitatearekin, baina ez dute gaur gaurkoz erantzunik jaso. Atzo elkarretaratzea egin zuten Iruñeko Udaletxeko plazan: "Udal garrantzitsuena da hau eta inplikazio bat ere nahiko genuke", eskatu du Alberto Longas villavesetako lan batzordeko presidenteak. Protesta horretako kartelek argi erakusten zuten zein den helarazi nahian dabiltzan mezua: hamar orduko lanaldi amaigabeak dituztela, 7,2 euro jasotzen dituztela jaiegunetan aritzeagatik, atsedenaldi gabeko jardunak ari direla egiten…

Ia bederatzi hilabeteko protesten eta lanuzteen ondoren gogor eusten diete aldarrikapenei. Negoziazio bide guztiak zabaltzeko prest segitzen dutela jakinarazi dute. Iruñeko Udalarekin ere biltzeko irekirik daudela esan dute villavesa gidariek, ezinbesteko aldea delakoan. Batzarretan biltzeko egindako eskaeren zain daudela jakinarazi dute eta asteazkenean Iruñerriko Mankomunitatearekin batzartuko direla: "Espedizio gaia jarriko dugu mahai gainean. Atsedenaldiak hartu ahal izateko zenbat ibilgailu gehiago jarri beharko liratekeen martxan aztertuko dugu", azaldu du Longasek. 

Ostegunean eta ostiralean abiatuko dituzte lanuzteak, orain arte bezala, ordutegi berarekin: "Geldialdiak ostegun eta ostiraletan eginen ditugu urriaren 23an abiatuta. 06:00etatik 08:30etara izanen dira", ohartarazi du. 600 langile inguru ari dira euren lan baldintzak duinduko dituen hitzarmena eskatzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!