Duela egun batzuk itzuli ziren Gaza Sumud Flotillako ekintzaileak euren herrialdeetara. Mundu osoko ehunka ekintzaile horien artean ziren Jotas Oses, Itziar Moreno, Mikel Zuloaga eta Abdel Karim el-Khamlichi euskal herritarrak. Abuztuaren 31n Bartzelonako portutik itsasoratu zen Gazarako lehen ontzidia 44 herrialdetako 300 ekintzailerekin, tartean, lau euskal herritarrak.
Egiptotik abiatzekoa zen Gazara Martxa ekimenean parte hartu zuten ere Oses eta Morenok, Palestinarekiko elkartasunez egiten diren mobilizazioetatik harago, "ekintza zuzenera" pasatzeko xedez. Ekimen horren harira piztu zen ontzidia antolatzeko ekimena. Azaldu dutenez, "pentsamolde desberdineko jende asko elkartu ginen, baina ekintzarako gogoak batzen gintuen".
Itsas ibilaldia ez da erraza izan. Arazo tekniko ugari jasan ditu ontzidiak, baita oztopo burokratiko andana ere. Tunezko uretan drone erasoak jasan zituen ontzi batek, eta beste aldi batzuetan zarata-bonbak edota negarra eragiteko gasa bota zieten. Tentsio handiena Greziako uretatik nazioarteko uretara joatear zirelarik jaso ziren, hamaika herrialdeetako parlamentari eta parlamentari-ohiek euren gobernuetako barne ministroen deiak jaso baitzituzten, nazioarteko uretan erasotuak izanen zirela ohartaraziz.
Gazako kostaldetik 46 mila nautikora zirela atzeman zuen ontzidia Israelgo itsas armadak, urriaren lehenetik 3ra. Bortizkeria eta ur-kanoiak baliatu zituzten ekintzaileak atxilotzeko. Fusilekin armaturik sartu ziren militarrak hainbat ontzitan. Ekintzaileak Axdodeko portura eraman zituzten, eta ordu luzez eskuak bizkar gibelean loturik eta belauniko mantendu zituzten. Une horretan agertu zitzaien ere Itamar Ben-Gvir Segurtasun nazionaleko ministro eta politikari faxista. Jotas Osesen pare-parean ezarri zen, "terroristak zarete" oihukatuz; azaldu dutenez, "ekintzaile gehienen artean beldurra nagusi bazen ere Free Palestine garraxiekin erantzun genion".
Deportazioak agintzeko prozesuak iraun bitartean Néguev basamortuan den Saharonim presondegian giltzapetu zituzten ekintzaileak. Bertan ere tratu txarrak ohikoak izan ziren, baina ekintzaileek argi adierazi dute: "Guri egindakoa salagarria da, baina ehun aldiz okerragoa da palestinarrei egiten dietena". Saharonim presondegian ehunka adin txikiko atxikitzen ditu "bahiturik" Israelgo Gobernuak, eta ekintzaileek zehaztu zutenez, "egunero hilotzak ateratzen zituzten espetxe horretatik".
Israelek Gazako zerrendari inposatu dion blokeoa haustea eta laguntza humanitarioa garraiatzeko korridore humanitario bat zabaltzea zen ekimenaren helburu behinena. Haatik, flotillak ez zuen lortu Gazako zerrendara heltzea, Israelgo itsas-armadak indarrez atzeman baitzuen ontzidia nazioarteko uretan. Ondotik, Gaza Sumud Flotillako kideak atxilotu zituzten, nazioarteko zuzenbide delakoa urratuz.