Txosten teknikoen baiezkoa eta 2026rako kontuen aurreproiektuan "beharrezkoa den aurrekontua" baldintzatzat jarri ditu Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak, Faltzesen D eredua ireki ahal izateko. gaur egun, 21 familiek egin dute haurrak euskaraz eskolatzeko eskaera, Sortzen elkartearen laguntzarekin.
Gimenok adierazi duenez, "D eredua ezartzeko, hura hornitzeko behar den aurrekontua jaso beharko du" 2026rako aurrekontuen aurreproiektuan, "une honetan ezezagun" zaiona. Gaineratu duenez, "ezarritako baldintzak betez gero, dena ongi joateko epean gaude". Aurrekontuen negoziazioaren esparruan, akordio bat lortu zuela iragarri zuen asteazkenean Geroa Baik, D eredua 2026-27 ikasturtean Faltzesera iritsi dadin, "hezkuntza aukera hori eskatu duten 21 familiak babestutako eskaera soziala" zela azpimarratuz.