Erronka izan da Nafarroa Oinez festa antolatzea Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolarentzat: "Batetik, oso inguru urbano batean kokatua dago ikastola, eta bestetik ahalik eta irisgarriena izan zedin ahalegindu gara. Hala, hiru kilometrora iristen ez den ibilbidea osatu dugu, ez dena zirkularra izanen eta hiru gune berezitu izanen dituena", azaldu du Roberto Gabantxo Nafarroa Oinez ibilbidearen batzordeburuak. Lehen gunea ikastolaren inguruan onduko dute; bigarrena, Atarrabian berean, plazan eta hirugarrena aldenduena izanen da, Uharten. Bi xede nagusirekin prestatzen ari dira urriaren 19ko Nafarroa Oinez jaia: "Euskara eta euskal kulturaren sustatzea, euskararen topagune izan nahi du Atarrabiako festak eta ikastola herriari zabaltzeko ere baliatuko dugu", azaldu du Iñaki Urroz ikastolako zuzendariak. Hala egin dute urte osoan antolatu dituzten hamaika ekimenetan ere.
Jasangarritasuna eta irisgarritasuna
Villavesa zerbitzua indartu eginen dute ordutegiz eta maiztasunez egun horretarako, autoz doanarentzat ere lau aparkaleku prestatu dituzte: Aretan, Ollokin, Erripagañan eta Sarrigurenen, eta, mugikortasun murriztua duten pertsonek aldez aurretik erreserba egiten ahalko dute. Aurten, bizikletaz hurbiltzeko gonbidapena ere egin dute: "Bereziki prestatu ditugu ibilbideak bizikletaz hurbiltzen direnentzat eta 300 bizikletarentzako baino gehiagorentzako tokia ere izanen da, beti ere giltzarrapoa eramatea aholkatuz", azaldu du Xabier Alvarez de Eulate Nafarroa Oinezeko ingurumen batzordeburuak. Ekitaldi Jasangarrien Intsignia ere eskuratu dute, mugikortasun jasangarriaren eta inklusibitatearen aldeko apustua egin izanagatik.
Asteburu osorako plana
"Oinez asteburua" izendatu du Adei Mendez ikasle ohi eta prestakuntza lanetako taldeko kideak: "Larunbaterako ere egun osoko egitaraua prestatu dugu", esan du. "Artisau azoka izanen dugu egun osoan, Mantangorri eta Karrikaluze tailerrak, Asier Kidam magoaren ikuskizuna, haur jolasak eta Gabezin eta Ezpika taldeen kontzertuak", azaldu du. Egun osokoa izanen da urriaren 19rako prestatutako egitaraua ere. Musika, kalejirak, haurrentzako puzgarriak, erronka… Korrontzi, Xaibor, Gozategi, Nafarroa 1512 eta Sorotan Bele taldeak ariko dira. Nobedadeen artean, Oinezcape izanen da. Ibilbidean jolas egiteko aukera izanen da. Euskararekin eta euskal kulturarekin lotura duten pistak gordeko dira eta nor den asmatu beharko da.
Paz de Ziganda ikastola ari da antolatzen aurtengo ikastolen aldeko festa. Adierazi dute, ez dutela eraikin berririk behar, eta hortaz, Nafarroa Oinez jaian ateratzen diren mozkinak bereziki DBHko eraikinak hobetzeko eta patioa naturalizatzeko baliatuko dituztela. Urriaren 19ean Buruz, bihotzez, oinez goiburuarekin ikastolen festara batzeko deia egin dute. 10:00etan emanen diote hasiera ekitaldiari Paz de Ziganda ikastolako patioan.
